Kode-poesia: programazioa literaturara hurbilduz

Literaturak, beste arlo ezberdin askok bezala, adierazpide ezberdin ugari dauzka. Testuaren luzeratik hasita idazkera estilo edo formaraino, asko dira literaturak onartzen dituen ala literatura kontsideratzen diren lanak. Noski, literaturatik hasita beste disziplina batzuetara pasatzen diren lanak ere badaude, eleberri bat antzerkiratu edo zinemaratzean gertatzen den bezala.

Konbinazio horietan badaude batzuk argiago ikusten direnak edo, beste era batera esanda, naturalagoak egiten direnak, aipatutako bi adibideen kasua. Hala ere, badaude beste batzuk ere. Konexio-ez-hain-natural horietan literatura eta informatikaren artean ematen dena sar genezake. Informatika gure egunerokoan oso presente dagoela argi dago, eta gero eta presentzia handiagoa edukiko duela ere bai. Bestalde, literatura “eskuz” egiten den eta sormenarekin oso lotuta dagoen ekintza bat da, eta horrek zaildu egiten du binomio hori osatzea, automatikoki sortzea erronka handia delako.

Beste ezer baino lehen, literatura eta informatikak lotura daukate duela urte batzuetatik hona, informatika literaturaren zabakulderako erabiltzen hasi zen momentutik: argitaletxeen webguneak, idazle eta idazlanen inguruko datu-baseak, edota ebook-a bera. Literatur lanen inguruko ikerketak egin dira informatikaren munduan, idazlanen konplexutasuna, aberastasuna edo gai mota automatikoki aztertzeko helburuarekin.

Baina artikuluaren gaiaren muinari helduta, informatika-literatura bikoteak duen potentzial handietako bat literatur lanak automatikoki sortu ahal izatea da. Argi dago automatikoki sortutako lan horiek gizakiek ulertzeko modukoak izan beharko liratekeela. Ez du balio hitzak bata bestearen jarraian zentzurik gabe jartzeak, alegia. Gureari dagokionez, horretarako esperimentu batzuk egin dira euskaraz dagoeneko.

Orain arte euskaraz sona gehien eduki duena BertsoBot izan da, puntua edota oinak emanda bertsoak bere kabuz sortzeko (eta kantatzeko) gai den robota. Kasu honetan, baina, hitzak bata bestearen atzetik lotu ordez, corpus batetik ateratako esaldiak segidan jartzen ditu. Corpus hori Euskaldun Egunkariaren artikulu eta Bertsolari Txapelketetan transkribatutako bertsoekin osatu zen, esaldien egokitasuna aldez aurretik zehaztuta. Bertso-robot guztiz autonomo bat lortzeko falta da oraindik, hortaz.

Kode-poesiari ekitean sorkuntza ez da automatikoa. Sorkuntza beste edozein idazlanekin bezalakoa da, pantailaren aurrean idazten hastean edukitzen diren blokeoak barne. Nola egiten da ba, kode-poesia? Azaltzen erraza da. Kode-poesia beste edozein poesia bezalakoa izan daiteke, baina programazio lengoaia batek arautuko ditu gure aukerak/mugak. Zergatik? Programazio lengoaia bakoitzak bere idazkera berezia daukalako eta gure poesiak bere arauak jarraitu beharko dituelako. Hau da, gure kode-poesia programa bat balitz exekutatuz gero ez luke errorerik eman beharko. “Programa” horrek gero ez du zertan emaitza bat itzuli, nahikoa da zuzena izatearekin.

Azaldutakoa hobe ulertzen da adibide sinple batekin:

while (true)  

{

  System.out.println(“Ezerk ez du irauten betirako”);

}

Adibide horrek Java programazio lengoaiaren arauak jarraitzen ditu, eta ez du errorerik ematen. Kasu honetan, martxan jartzen badugu Ezerk ez du irauten betirako esaldia erakutsiko du pantailan behin eta berriz (ez da beharrezkoa emaitzarik ematea). Goiko adibidean pantailan esaldi hori idatziko du behin eta berriz, betirako iraungo balu bezala, memoria agortu eta azkenean programa eten behar den arte. Arrazoi du, Ezerk ez du irauten betirako.

Kode-poesiak forma eta estilo ezberdin ugari izan ditzake, batzuk bisualagoak dira, beste batzuk ulertzeko programazioa jakitea beharrezkoa da, eta badaude kode-poesiak edonork uler ditzakeenak, baina hori da funtsean, programazio eta poesiarekin jolastea. Asmo horrekin sortu genuen kodepoesia.eus ataria, jendeak euskarazko kode-poesiarekin egindako saiakerak bildu eta horrek era berean jende gehiago parte hartzera animatzeko.

Zuk ere parte hartu nahi duzula? Webgunean duzu horretarako aukera. Ez dago modu oker edo zuzenik, beraz, bidali ekarpenak beldurrik gabe.

Manex Garaio
Ingeniero Informático, diseñador de la web kodepoesia.eus de la Fundación Puntu.EUS

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Jakiunde / Zientzia, Arte eta Letren Akademia
Miramar Jauregia Miraconcha 48
Donostia-San Sebastián
Gipuzkoa - Spain
T. (+34) 943 225 773
akademia@jakiunde.eus

© Jakiunde. Todos los derechos reservados
Aviso Legal · Cookies