Pandemia osteko lehen orduak

Etorkizunak, nahiz etorkizun hurbila izan, zer ekarriko digun ezin dugu jakin. “Iragana eta oraina dira errealitatearen egoitzak. Etorkizuna ez dakigu non bizi den ere”, idatzi du Anjel Lertxundik berriki. Honela, etorkizunera hurbiltzerakoan, umiltasun osoz joatea komeni da, halabeharrez, nora ezean joango baikara. Baina, era berean “…etorkizuna txerri-gantxoa da: bakoitzak iruditzen zaiona zintzilika dezake bertatik” badela ere aipatu zuen. Ados nago. Izan ere, pandemia honi buruz orain arte irakurritakoak horixe bera dira, norberari “iruditutakoak”, aise igartzen delarik, gainera, nor zein jakintza arlotako den.

Hala nola, politologoek diote “gobernantza berri baten atarian gaudela” (zein den…, nork daki). Ekonomialariek, “krisi ekonomiko larri baten aurrean gaudela” diote. Gerenteek, “telelanaren aroa zilegiztatu egin dela, etxetik edo edonondik lan egiteak produktibitatea igotzen delaren ebidentzia gauzatu delako”. Zientzialariek, “ikerketa zientifikoa giltzarri omen dela, gizateriaren ongia guztiaren sorburu izanik, aurrerantzean arreta gehiago paratuko zaiola, batez ere hura jasangarri izan dadin guztiz beharrezkoa den oinarrizko ikerketa basikoari”. Psikologoek, “sozialki antolatzeko modu berriak saiatuko ditugula, gertukoenekin egotea zein aberasgarri den itxialdian zehar konturatu garelako”. Kulturgileek, “kultura, beti krisian egonik, orain birusak azkenengo kolpea eman omen diola. Hemendik aurrera, turismoa berpiztera bideratutako kultur egitasmoak izango omen direla nagusi. Kultura hilik da eta ez da berpiztuko, baldin ez bada …”. Adimen artifizialeko adituek: “industria soft delakoak bultzada handia hartuko duela. Online ereduak gailenduko direla, hezkuntzan ere bai, eta zainketa soziala areagotuko omen dela. Krisian zehar irabazitako zilegitasunaren poderioz, guztion bermerako direla aitzakiarekin, zainketa eta kontrol neurri ez guztiz zilegi asko erraz ezarriko omen direla”.

Birus batek hankaz gora jarri du sistema osoa. Ez da kataklismo kosmiko bat izan. Baina ez da huskeria bat; birusak asunto serioa dira. Material genetikoz osatutako paketetxoak dira, badira DNA dutenak eta badira RNA dutenak. Birusek zelulen biosintesi makineria bahitzen dute, euren buruaren kopiak egiteko. Izatez, oso espezifikoak dira, hau da, birus tipo batek zelula tipo bati eta bakarrik bati erasotzen baitio. Birusak giza eritasun askoren iturburua direla, aspaldi da jakina. Besteak beste, ebola, baztanga, HIESa, arnasketa sindrome-zorrotz larria, papilomak, herpesa, gripea edota katarro arrunta, birusek eragiten dituzte. Birusek bizirik dauden organismo oro infektatu dezakete, aziendak eta laboreak ere bai. Zer esanik ez animalia basatiak.

Birusak, txikiak nahikoak dira euren atomo guztiak zehaztasunez irudika ahal izateko. Beraz, haien egitura kimikoa ezagut daiteke. Baina, giza birus gehienek konplexutasun handiagoa hartzen dute gizakien zelulen mintzen materialarekin (lipido, proteina eta glikanoen nahasteka bat, hain zuzen) euren burua estaltzen dutenean. Hauexek dira koronabirusak. Klase honetakoa da SARS-CoV-2 (korona)birusa, zeinek COVID19 izeneko gaixotasuna eragiten duen. Ohar labur bat: lehen esan dut ba, birusak oso espezifikoak direla. Ba oraintxe jakin izan dugu, Miren Basares-ek Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologiariak argiki adierazi digulako, SARS-CoV-2a gizakien arnasbideko zelula epitelialetan dagoen ACE2 errezeptoreari (angiotentsina 2 bihurgailu-entzima) itsasten dela. Horregatik eragiten du hainbeste kalte gizakien arnasketa sisteman. SARS-CoV-2ak, estalduran daukan S proteina erabiltzen baitu gizakien arnasbideko zelulen ACE2 errezeptoreari lotzeko. Lotura hori nola gauzatzen den jakitea, alegia zein lotura kimikoren bitartez, oso garrantzitsua dela bistan da. Hauxe bera da lehenago aipatu dudan “oinarrizko ikerketa basikoa”, beraz, badu garrantzia, ez ?. Agian oraindik garrantzitsuago zera da, halako loturak nola antzeman eta aztertu daitezkeen dakien norbait gertu edukitzea, zeren hurrengoan ez dira lotura hauek izango, beste batzuk izango baitira. Gehiago jakin nahi duenak galde diezaiola dakienari. Alegia, Xabier Lopez eta David de Sancho, Euskal Herriko Unibertsitateko biokimika konputazionaleko ikerketa talde buruei, eta ez inguruko beste inori. Ez dakienari galdetzea alferrik baita, onenean, eta txarrenean, kaltegarri. Igarri al zait zein jakintza arlotako naizen ?.

SARS-CoV-2ak eragin du pandemia hau. Munduan, dagoeneko, 1.9 Miloi-ren bat pertsona infektatu hauteman dira (hilak 119.000-ren bat) eta gurean 15.400-ren bat (hilak 1.108). Osasun arazo larri bat dirudi, eta halaxe da, baina ondorioak ez dira bakarrik osasunezkoak izango, ekonomiko-sozialak ere izango baitira. Pandemia honek, esango diren baina hildako gehiago utziko dituela, ziurtasunez esan daiteke, eta miseria handiak eragingo dituela ere, ziurra da. Oro har hartuta, mundu eskalan hartuta, ezin gaitezke harroegi egon sistemaren sendotasunaz. Maila xeheago batean, gurean pandemia ez dela gaizki kudeatzen ari ere, bistan da. Ikusi nahi duenarentzat, noski. Baina, noiz arte iraungo du pandemia honek ? Inork baleki …

Txertoa izango da, ziur aski, pandemia honi amaiera emango diona. Mundu populazioaren %70a edo, inmunizatu behar omen dela diote adituek, pandemia ezabatzeko. Hori lortzeko modurik eraginkorrena, txertoa da, dudarik ez. Baina, izan dezagun gogoan, txertoa, lortzen denean, ez dela bat batean zabalduko munduan zehar, ziur aski. Nazio eta enpresen arteko lehiak eragotziko baitu, ziur aski, haren zabalkundea. Beraz, ondorioak, ez dira bukatuko itxialdiarekin batera, iraun egingo dute luzaro, ziur aski. Lanak gaizki hasten direnean, bakarrik okerrerantz bilaka daitezke, baldin ez badugu egin duguna aztertzen, ondo egindakoak gogoan hartzeko, baina gaizki egindakoak ere bai, berriz egin ez ditzagun, eta bidezkoa balitz bide berriak urratzen hasteko. Esatea erraza da, egitea beste kontu bat da. Iraultza behar da.

Nik nahi nuke, krisi hau, aldaketa/iraultza baten hasera izango balitz, non, hezkuntza den giltzarri. Ganorazko hezkuntza bat, hiru zutabetan oinarrituta. Alegia, “irakurri”, informazioa jaso, “idatzi”, informazioa transmititu, eta “kontuak” (aritmetikoak, literarioak, artistikoak, eta abar) abstrakzioa lantzeko. Eta kito. Ez “baloretan” edota “konpetentzia transbertsaletan” edota izen handi bezain hutsal duten hainbat beste hainbat sasi-kontzeptutan oinarritutako hezkuntza. Nire uzte apalean, pertsona kritikoak eta aldi berean solidarioak hezitzeko bermea hiru zutabe horietan datza. Honela, bide batez, hezkuntza sistemak “zer eskatzen zaion” zehatz-mehatz jakingo luke.

Nekane Balluerka Doktoreak, Euskal Herriko Unibertsitateko, EHUko, errektorea dena eta hori baino gehiago psikologo handi bat, zioen berriki “… gauza asko aldatuko dira, baina ez legoke gaizki (…) gu geu aldatzetik hasiko balitz eta eraldaketa horrek, bestalde, gizarte konprometituago eta solidarioago bat eratzera eramango bagintu”.

Bide luze eta malkartsua da hau, zinez, norbanakotik hasi eta gizarte antolatueraino iritsi arte. Biderik luzeena ere, lehenengo urratsarekin hasten da. Alegia, “gu geu aldatzetik”, hezitzetik, hasten da bide hau. Zeren zain gaude ba; ez dugu ezta koronabirusaren aitzakiarik behar eta.

Irudia: Sebastien Gabriel, Unsplash 

Jesus M. Ugalde
Jakiundeko lehendakaria

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Jakiunde / Zientzia, Arte eta Letren Akademia
Miramar Jauregia Miraconcha 48
Donostia-San Sebastián
Gipuzkoa - Spain
T. (+34) 943 225 773
akademia@jakiunde.eus

© Jakiunde. Todos los derechos reservados
Aviso Legal · Cookies