Lehenik eta behin, aitortu behar dut aspalditik nuela buruan Azken balada (Erein 2016) eta Mayi y Jakes. La última balada (Erein 2017) liburuak idaztea. Betidanik izan dut oso gustuko Oreina bilakatu neska edo Ura ixuririk izeneko balada, eta askotan entzun dut Haizea taldeak 1977an ezagutzera eman zuen kanta zoragarria. Izan ere, aipatutako balada hori Pierre Lafitte folklorista lapurtarrak jaso zuen 1965ean, informatzailearen daturik eta zirkunstantziarik eman gabe. Beraz, Oreina bilakatu neska dugu euskal baladen ondareari gehitu zaion azken gai tradizionala. Hortik datorkio izenburua nire liburuei, bai euskeraz, bai gazteleraz: Azken balada. La última balada.