Lehenik eta behin, aitortu behar dut aspalditik nuela buruan Azken balada (Erein 2016) eta Mayi y Jakes. La última balada (Erein 2017) liburuak idaztea. Betidanik izan dut oso gustuko Oreina bilakatu neska edo Ura ixuririk izeneko balada, eta askotan entzun dut Haizea taldeak 1977an ezagutzera eman zuen kanta zoragarria. Izan ere, aipatutako balada hori Pierre Lafitte folklorista lapurtarrak jaso zuen 1965ean, informatzailearen daturik eta zirkunstantziarik eman gabe. Beraz, Oreina bilakatu neska dugu euskal baladen ondareari gehitu zaion azken gai tradizionala. Hortik datorkio izenburua nire liburuei, bai euskeraz, bai gazteleraz: Azken balada. La última balada.
Hona hemen baladaren hitzak eta istorioa:
Ura ixuririk sorginen bidean,
dohaina bildu dut bazko arratsean:
gauaz Mayi nuzu, egunaz oreina,
etxeko zakurrek xerkatzen nutena.
-Jakes nun tuk horak? Eztiat senditzen.
-Oianpean kurri, oreina xerkatzen.
-Jakes, deit’zakurrak, salba zak arreba.
-Ama, nola sinets Mayi daitekela?
Jakes zakurreri hasi da xistuka,
oreina hil dute kolpez ausikika.
Jakesek kanitaz eman du pusketan:
-Aseko ahal da mayi gurekilan.
-Afal, afal, Jakes. Ni nuk hor lehena,
ene haragiaz betherik dupina.
Ama, sala-zolan, nigarra begian,
puñala sartu du bere bihotzean.
Baladaren azpieuskalkia behe-nafarrera da, ekialdekoa, hain zuzen. Narrazioa eta elkarrizketa tartekatzen dira, baladen generoari dagokion bezala. Eta elipsiek ere garrantzi handia dute, era horretako ahozko literatur lanetan izan ohi den lez. Gaur egun, balada, praktikan, genero hila da, zenbait agure baserritarren ahotan oraindik aldagai ederrak entzun daitezkeen arren.
Argumentua
Maitaneri –nire narrazioko protagonistari– gertatzen zaion bezala, euskaldun arrunt bati gerta dakioke istorioa oso ondo ez ulertzea. Hasieran, sorgina, zakurrak, Mayi, Jakes, afaldu eta beste hitz gutxi batzuk bakarrik ulertzen ditu Maitanek, ez askoz gehiago. Baina, azken esaldi osoa, behintzat, bai: “amak puñala sartu du bere bihotzean.” Maitanek, intrigatuta geratzen bada ere, ondorio bat ateratzen du berehala: balada direlako horiek oso aspaldiko istorioak dira, bertsotan emanak, eta jendeak, urtez urte, kantuz transmititu izan dituenak. Eta, kasu honetan, bukaera tragikoa du, amak bere buruaz beste egiten baitu.
Bai, arrazoi du Maitanek, “balada bat poema narratibo bat da, autore ezezagunak sortua eta autore samalda batek errepikatua”, definizioak dioenez. Forma aldetik genero poetikoari dagokio, eta eduki aldetik erabat narratiboa dela gehitu daiteke. Bertso alexandrinoen distikoz osaturikoa da. Hemistikio hexasilabikoak, azentua azken silabatan jarrita. (6+1/6+1). Forma hau ez da ohikoa euskal baladetan, baina bat dator geroxeago aipatuko dugun La blanche biche-rekin.
Beraz, hona hemen Oreina bilakatu neska baladaren sekuentzia narratiboak:
- Neska batek, sorgin-erritu baten bidez, orein bihurtzeko ahalmena lortzen du.
- Neskak amari sekretua aitortzen dio, eta jakinarazten dio arriskuan dagoela, nebaren txakurrak atzetik dabilzkiolako.
- Amak semeari txakurrak biltzeko erregutzen dio, ehizakia bere arreba delako.
- Ehiztariak ez dio amari sinesten, eta txakurrak xaxatzen ditu. Orein-neskaren gainean jauzi egin, eta haginkadaka hiltzen dute. Ehiztariak berak zatitzen du afarirako, eta arreba etor dadila eskatzen du.
- Bere haragia lapikoan egosten ari dela, orein-neskak hitz egiten du.
- Amak, alabaren ahotsa entzutean, bere buruaz beste egiten du.
Itxuraldaketa da, azken finean, baladaren gai nagusia.
Istorio bat eta aldagai asko
Ahozko euskal literaturari dagokionez, Koldo Mitxelenak esaten zuen beste edozein herritakoa bezain aberatsa eta anitza zela. Jon Juaristik, La balada vasca de la muchacha ciervo ikerketa interesgarrian,[1]zalantzan jarri zuen euskal balada honen originaltasuna. Oreina bilakatu neska beste baladen aldagai bat izan liteke haren ustez, XVIII. mendean Europan zehar zabaldu zirenetako bat. Hala ere, euskal bertsio honek baditu bi ezaugarri berezi: neskaren oreina bilakatzeko desira, eta amaren suizidioa. Baina, horretaz mintzatzeko, gogora ekarri behar genuke ahozko literatura nola zabaldu izan den mendez mende.
Baladak ahoz hedatzen eta iraunarazten dira. Transmisio bilakaera horretan, aldatu eta eboluzionatu egiten dira. Beraz, poema irekiak dira baladak, aldagaietan bizi diren eredu birtualak, balada-errezitatzaileak edo kantariak bere urrats propioa uzten baitu haietan.
La blanche biche
Jesus Antonio Cidek, euskal baladan adituak, zehazki lotzen ditu Oreina bilakatu neska eta zabalkunde handiko balada frantses bat, La blanche biche. Doncieux folkloristaren arabera, La blanche bicheren hamar bertsio daude Frantzian, eta horien arteko ahaidetasuna XVII. mendeko “vise” eskandinaviar batekin lotzen du, zeina, beharbada, Bretainiatik heldu baitzen Frantziara.
Izan ere, orein-neskaren tradiziozko gaiak, baladaren bidez zein baladatik sortutako ipuin baten bidez, eragina izan zuen XVIII. eta XIX. mendeetako literatur kultuan ere. Gutxienez bi aipamen datozkit burura: Aulnoy kondesa famatuaren La biche au bois amandre-ipuina, eta, noski, Gustavo Adolfo Becquerren La corza blanca ezaguna.
Berpizkunde garaian, humanistek eta musikariek herri poesia honen aztarnak jaso zituzten amultsuki; urrezko mendeko drama idazleak harengan inspiratu ziren komedia ezagunenak sortzeko, eta Audenek eta Lorcak, adibidez, interes handia agertu zuten haien argitasun erakargarrian, primitibismo kutsuan eta molde arinetan.
Bukatzeko, aitortu beharra dut nik ere ezin izan diodala tentazioari eutsi eta beste bertsio bat eskaini dudala Azken balada liburu berrian. Batetik, baladaren bertsio ezagunaren idatzizko narrazioa, eta, bestetik, beste bertsio bat, desmitifikatzailea, errealistagoa, Maitane protagonistak eskaintzen duena. Eta bukaera zoriontsuagoa duena, noski!
Mariasun Landa Etxebeste
Mariasun Landa, idazlea. Lizardi Gazte Literatura Saria (1982), Euskadi Gazte Literatura Saria (1991) eta Haur eta Gazte Literatur Sari Nazionala (2003), Eusko Ikaskuntza Saria (2014), Rosalía de Castro Saria (2016). Jakiundeko kidea.