Eguraldia, gu harritzeko prest!

Pasa den urtarrilaren 18an Gasteizen, DBH4ko ikasleei eguraldiaren inguruan hitzaldi bat egitera gonbidatu ninduten JAKIN-MINA 2018-2019 deialdiaren barnean. Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren akademia izaki, Eguraldia, gu harritzeko prest! hitzaldia ahalik eta ikuspegi zabalenetik lantzea pentsatu nuen.

Eguraldiaren iragarpena egiterakoan aipatzen diren meteoro ezberdinei buruzko aurkezpen xume bat egin nuen argazkien bidez. Aurkezpena Internetetik jaitsitako argazki librez bete nuen: hodei mota ezberdinak, Meteosat irudiak, euria, kazkabarra, elurra, radar irudiak, haizeak orraztutako paisaiak, olatuak, izotza, tximistak, kazkabarra, tornadoa eta abar. Meteoro guztiak Euskal Herrian inoiz gertatu direnak eta, ondorioz, berriro ere gerta daitezkeenak.

Nire helburua ikasleen artean galderak sortzea izan zen, galderak erantzutea baino, eta mota askotako galderak, hain zuzen. Batzuk meteoroen zergatia jakin nahiko zuten, beste batzuk meteoro horien ondorioekin geratuko ziren txundituta, edo irudiekin. Batzuk horien oinarri zientifikoak aztertzera bultzatuko ditu, agian, eta beste zenbaitentzat meteoroa bera izango da inspirazio edo irudimen iturri, musika, poesia, margolanak eta abar sortzeko. Eta zentzu horretan, hitzaldian edozein meteoro izan daitekeela interesgarria azpimarratu nahi izan nuen, edozein meteorok harritu gaitzake, bai bere edertasunagatik, bai sinpletasunagatik eta baita sor ditzakeen kalte ikaragarriengatik ere.

Lehenengo pausoa kokatzea izan zen, hau da, fenomeno meteorologikoak non gertatzen diren ikusi genuen, troposferan. Eta ondoren, eguraldiaren iragarpena egiterakoan jarraitu ohi dugun ordena jarraituz: zeruaren egoera, hodeien konposizioa, hodeien sailkapena, prezipitazioa, haizea, tenperatura eta trumoi-ekaitzak aztertu genituen.

Adibidez, hodei mota ezberdinak identifikatzen laguntzeko argazkiak ikusi genituen, hodei-oinaren altueraren eta formaren araberako oinarrizko sailkapenetik abiatuta.

Meteoro ikusgarrien inguruan ere aritu ginen.

Horrelako irudiak ikuspuntu ezberdinetatik azter ditzakegula azaldu nien: zientifikotik, artistikotik, sentipenetatik. Ikuspuntu zientifikotik trumoi-ekaitzak nola sortzen diren aztertu dezakegu, tximista zer den, trumoiaren jatorria eta abar. Artistikotik, irudia bera edo irudiaren musika azter ditzakegu: trumoia, euri-zaparradaren zarata edo musika, onomatopeiak. Edo horrelako egoera baten aurrean sor daitezkeen sentipenak: beldurra, harridura, miresmena, jakin-mina.

Eta elurtutako paisaia baten irudiaren aurrean:

Nola sortzen dira elur-malutak? Zuri guztiak berdinak al dira? Ba al zenekiten elurra egin berritan isolatzaile akustiko oso ona dela? Zer sentitzen da horrelako paisaia baten aurrean?

Laburbilduz, urteetan, mendeetan atzera egiten badugu, argi ikusten da izakiok betidanik izan dugula elkarrekintza eguraldiarekin eta beti sortu izan digula jakin-mina, azken finean eguraldiak betidanik baldintzatu izan gaituelako. Izakia ehiztaria eta fruitu biltzailea zenean, gizakia nekazari eta abeltzain bihurtu zenean, eta iraultza industriala gertatu ondoren ere bai. Gaur egun ere, nahiz eta eguraldiari aurre egiteko baliabide gehiago eta hobeak izan, beti baldintzatzen gaitu, bai ikuspegi praktikotik bai ikuspegi emozionaletik ere. Hitzaldian horixe azpimarratu nahi izan nuen.

Argazki libreak aurkitu nituen web orrialde batzuk:

Jakiunde / Zientzia, Arte eta Letren Akademia
Miramar Jauregia Miraconcha 48
Donostia-San Sebastián
Gipuzkoa - Spain
T. (+34) 943 225 773
akademia@jakiunde.eus

© Jakiunde. Todos los derechos reservados
Aviso Legal · Cookies