Gaur egun, Kannabisa mundu osoan gehien kontsumitzen den droga ilegala da. Ildo honetan, azken urteotan bere erabilera asko hedatu da gure gizartean. Estatistiken arabera, Euskal Autonomi Elkargoaren biztanleak 18 eta 19 urte bitartean hasten dira kannabisa kontsumitzen, batez beste (alkohola eta tabakoa kontsumitzen hasi eta geroxeago, hortaz). Hala ere, hamabost urterekin edo gutxiagorekin kannabisa hartzen hasi diren kontsumitzaileen ehunekoa %4ra hurbil daiteke.
Nolanahi ere, kannabisaren kontsumoa normalizatu egin da gure gizartean eta kasu askotan kontsumo ludikoari eta terapeutikoari buruzko informazioa nahasten da. Testuinguru honetan, substantzia honen arriskuaren pertzepzioa asko murriztu da biztanleen artean. Dena den, guztiok dakigunez, drogen kontsumoak arazo larriak eragin ditzake gure organismoan, eta arazo hauek larriagoak izan daitezke oraindik garatzen ari den nerabe baten gorputzean. Honela, aldi horretan edozein droga hartzeak garunaren heltze-prozesu normala eralda eta oztopa dezake, eta horrek etorkizunerako ondorio sakonak eta iraunkorrak izan ditzake. Adibidez, hainbat ikerketak frogatu dutenaren arabera, kannabisaren kontsumoa nerabezaroan hasteak eskizofrenia pairatzeko arriskua areagotzen du. Gainera, pertsona bakoitzaren arabera, kannabisak arretan, oroimenean eta ikaskuntzan eragindako ondorio negatiboek egunak edo hilabeteak iraun ditzakete. Honela, kannabisa hartzen duten ikasleek nota txarragoak ateratzen dituzte eta arazo gehiago dituzte hezkuntza-mailak gainditzeko. Honetaz gain, kannabisaren kontsumoak eragin fisiko zuzenak ditu ere gure gorputzean. Hala nola, begien gorritasuna, ikusmen lausoa, ahoaren lehortasuna, bihotzaren dardarak eta giharren ahultasuna eragin ditzake. Beste aldetik ere, askotan kannabisa tabakoarekin nahastuta kontsumitzen da. Horretan, kannabisaren berezko arriskuei tabakoaren erretzean sortzen diren substantzia toxiko eta kartzinogeniko ugariek sortutako arazoak gehitu behar zaizkie.
Egoera horren aurrean, gazteei kannabisaren neurri gabeko kontsumoak dituen ondorio kaltegarriei buruzko informazioa helaraztea ezinbestekoa da. Baina informazio horrek, zientifikoa, objektiboa eta ebidentzian oinarritutakoa izan behar du, nerabeek beren kabuz jabetzeko gehiegizko kontsumoaren arriskuez.