ORKESTRA SINFONIKO HANDI BATEN SUKALDEAN

Meisterkonzert Bregenz_Baskisches Nationalorchester © Udo Mittelberger

 

Eta zuk zer gehiago egiten duzu?

Eta zuk zer egiten duzu? Esaldi hau beti entzun izan dugu Musika/Dantza inguruan gabiltzanok.

Azken aldian German Ormazabal pianista edo Jon Maya dantzariari ere entzun diet, eta nik ere askotan entzun dudala gogorarazi didate.

Gaztetan Kontserbatoriora joaten ginenean edo eta talde desberdinetan jotzen genuenean, gure ingurukoak honako hau esatera ausartzen ziren normaltasunez: Eta zer gehiago egiten duzu??

Kasu askotan egia da beste gauza batzuk ere egin edo estudiatzen genituela. Gizarteak orokorrean zuen kontzientzia hori gure gertuko ingurunean ere txertatuta zegoela esan daiteke: musika/dantza ongi zegoela baina, badaezpada ere, “serioago edo produktiboago” zen beste zerbait estudiatu behar zela, gero horretaz bizi ahal izateko.

Nik neuk entzundako esaldiak: Musika eta zer gehiago egiten duzu? « Orfeoia »z aparte lana egingo duzu ba?? Jardunaldi osoan egiten al duzue lan? Horretaz bizi al daiteke?? Zenbat zarete, 100?? Publikoa astean zehar kontzertuetara, operara… joaten al da????

Aitortu beharra dut profesionalki mundu honetan sartzen zarenean ohartzen zarela Amateur/Profesional izaeraren desberdintasun sakonaz, nahiz eta noski bi munduak ongi beharrezkoak eta osagarriak diren.

Baina Musika Sektore bat ere bada: legeak, konbenioak, langileak/musikariak, bakarlariak, zuzendariak, artisten agentziak, konposatzaileak, kopistak, luthierrak, instrumentuen fabrikak, partiturak, editorialak, musika-dendak, antolatzaileak, auditorioak, teknikariak, akomodatzaileak, emergentzia zerbitzuak, ostalaritza zerbitzuak, musika-eskolak, kontserbatorioak, diskoak, irratiak, telebistak, prentsa, komunikazio agentziak, inprentak, garraioa… horiek guztiek lan egiten dute bertan.

Zorionez, espektakuluen sektoreak Euskal Herrian azken 30 urtetan garapen garrantzitsua izan du, baita Ekonomian eragina ere. Auditorio berriak sortu dira, publikoa sendotu da eta berria ere sortu da, profesionalizazio bat egon da maila guztietan. Guzti horrek Sektorea errekonozitzea ere ekarri du. Gaur egun ez da hain arraroa musika edo beste arte batzuetatik bizitzea.

Eta zer da Orkestra bat? Zer da Euskadiko Orkestra?

Mundu hau sakonago ezagutzen ez bada, beste hainbat galdera etor daitezke: Orkestra Sinfonikoa zer da? Zein diferentzia daukate Orkestra Sinfonikoak, Orkestra Filarmonikoak, Kamera Orkestrak, Enssemble Kontenporaneoek…? Zer lan egiten du Orkestra batek? Zein estruktura dauka Orkestra batek? Zenbat pertsonek osatzen dute Orkestra bat? Zer musika instrumentuk osatzen dute Orkestra? Zer errepertorio jotzen du Orkestra batek?

Aurreko galdera eta beharrei erantzuteko sortu zen Euskadiko Orkestra – Basque National Orchestra.

Euskadiko Orkestraren helburua da Artea eta Musikaren bultzatzailea eta zabaltzailea izatea. Horretarako bitartekoak ditu Kontzertu Sinfonikoak, Operak, Hezkuntza mailako kolaborazioak, grabaketak… Euskal Herri osoan garatzen du bere jarduera: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea. Eta internazionalizatzeko asmo argia du: bai barnerantz (partaideen aukeraketa internazionala) eta bai kanporantz (birak, grabaketak…).

Orkestra-ren Kontzeptua

Gaur egungo Orkestren kontzeptua unibertsala da, mundu mailakoa.

Gutxi gora behera Orkestra profesional guztiek antzera egiten dugu lan. Agian 2-3 bariante izan ditzakegu modelo eta gestio modutan, baino modeloak eta merkatua ezagututa, denak antzekoak gara. Denok antzeko arazoak ditugu eta gauza berdinekin egiten dugu algara.

Orkestraren ezaugarriak:

  • Zuzendari Musikalak: arduren definizioa, ezaugarriak, perfila, aukeraketa prozesuak, aukeraketa prozesuen garrantzia…
  • Partaideen aukeraketa: instrumentu ezberdinen audizioak egiteko moduak, partaideen ezaugarriak, ezarritako helburuak…
  • Zein merkatu dauden Orkestren atzean: Lan-harremanak, artistak (konposatzaile eta interpreteak), autore eskubideak, interprete eskubideak, partiturak (erosketa edo alokairuak…), ikus-entzunezkoen mundua, mundu digital instantaneoa…
  • Orkestra baten publikoa.

Azken gai honetaz asko pentsatu eta hitz egiten da. Orkestrak XIX. mendeko talde zaharkituak dira ala ezinbesteko zerbitzu kulturalak, iragana, oraina eta geroa landu eta zabaltzeko? Publiko nahikoa ba al dute Orkestrek, Operak, Balletak…? Nola gaztetu eta erakarri publiko berria eta interes berriak: patrozinioak, publizitatea, mundu digitala…?

Bide horretan gaude Orkestra guztiak.

Jakiunde / Zientzia, Arte eta Letren Akademia
Miramar Jauregia Miraconcha 48
Donostia-San Sebastián
Gipuzkoa - Spain
T. (+34) 943 225 773
akademia@jakiunde.eus

© Jakiunde. Todos los derechos reservados
Aviso Legal · Cookies