Daniel Innerarity Euskadi Literatura Saria 2019 gaztelaniazko saiakeran

Daniel Innerarity Euskadi Literatura Saria 2019 gaztelaniazko saiakeran

Daniel Innerarity jakitunak Euskadi Literatura Saria 2019 jaso du saiakera gaztelaniaz sailean "Política para perplejos" liburuarekin.

Epaimahaikideen iritziz, 'Política para perplejos' lanak begirada argia eskaintzen du mendez mende finkatutako oinarriak dituen baina oinarri horiek aldatzen ari den munduari buruz. Agente politikoek ez dakite zer egin, ez dakite erronkei nola aurre egin, eta, askotan, ez dago erronka horien susmoa ere. Ziurtasunak iraganeko gauza dira, eta egungo errealitatea konplexua, aldakorra eta kontraesankorra da. Innerarityk berak dioenez, “egintzek, teoriek, kontaketek eta iguripenek nahasteko eta nahasmena eragiteko joera dute”. Zer dute komunean egia-ostea deritzanak, egintzekiko mespretxuak edota gehiegi azaltzen duten —hori dute akats nagusi— teoria konspiratzaileen aurrean amore emateko erraztasunak? Efektuei baino gehiago efektu horiek eragiten dituzten kausei begiratzen dieten eta faktikoa denari baino gehiago emozioei deitzen dieten populismoen testuinguru horretan, Daniel Innerarityren gogoetak aukera ematen du panorama horren giltzarrietako batzuk hautemateko, baita inoiz gertatuko ez zela, edo inoiz errepikatuko ez zela, pentsatzen genuena zergatik gertatzen ari den ulertzeko ere. 

Daniel Innerarity (Bilbo, 1959) filosofia politikoko katedraduna eta Ikerbasque erakundeko ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitatean; gainera, Gobernantza Demokratikoko Institutuko zuzendaria da eta Florentziako Europako Institutuko irakaslea. Europako eta Ameriketako zenbait unibertsitatetan irakasle gonbidatua izan da, hala nola, Sorbonako Unibertsitatean, London School of Economics Unibertsitatean edo Georgetowngo Unibertsitatean.

JAKIUNDEko kideak, besteak beste, Saiakera Sari Nazionala, Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxaren Humanitate Saria eta Kulturaren Vianako Printzea Saria eskuratu ditu, eta Frantziako Le Nouvel Observateur aldizkariak munduko 25 pentsalari handien zerrendan sartu zuen.

Liburu sarituari dagokionez, ziurgabetasun-garai batean bizi garela adierazten du. Gurearen aurreko gizarteetan, gizakiek etorkizun ilunagoa zuten agian, baina haien bizi-baldintzen egonkortasunari esker —oso baldintza negatiboak izan arren—, pentsatzen zuten geroak ez ziela ezusteko handirik ekarriko. Gose izan zitezkeen, eta zapalduta egon zitezkeen, baina ez zeuden zalantzan. Ezbaia bestelako gizarteen berezko egoera da; izatez, gizarte horietan hainbeste zabaldu da horizontea, etorkizunari buruzko kalkuluak bereziki ziurgabeak diren.

XXI. mendeari krisialdi ekonomiko baten asaldurarekin eman zitzaion hasiera. Krisialdi horrek haserre-boladak eragin zituen arren, ez zuen ezbai berezirik eragin; are gehiago, lagungarria izan zen gure orientabide nagusiak berresteko: zein ziren gaiztoak eta zein zintzoak berresteko, esate baterako. Mundua, berriro ere, argi eta garbi kategorizatu zen irabazleen eta galtzaileen artean, jendearen eta kastaren artean, agintzen dutenen eta agintariak jasaten dituztenen artean, eta, aldi berean, erantzukizunak nolabaiteko segurtasunez esleitzen ziren. Haatik, egungo egoera politikoan etsipena da nagusi, eta etsipen hori ez da gauza jakin batekin lotzen, baizik eta egoera orokor batekin. Gainera, badakigu ondoeza lausotzen denean, ondoezak ezbaia eragiten duela. Onartu ezin dugun egoerak sumintzen gaitu, baina are gehiago ez jakiteak ondoez hori nola identifikatu, nor egin horren errudun eta egoera horren aldaketa noren esku utzi.

Liburu honekin Daniel Innerarityk jarraipena ematen dio, nolabait, ‘La política en tiempos de indignación’ (Galaxia Gutenberg, 2015) liburuan egin zuen hausnarketari. Suminduratik ezbaira eraman gaituzten — umindura uzteko arrazoirik egon ez arren— gure garaiko gertakarien inguruko hausnarketa da.

 Daniel Innerarityri elkarrizketa Radio Euskadiko Boulevard saioan.

1 -tik 21 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top