HOTSAK/SONIDOS: Hotsetatik haratago, Margarita Díaz-Andreurekin

HOTSAK/SONIDOS: Hotsetatik haratago, Margarita Díaz-Andreurekin

Margarita Díaz-Andreuk Hotsetatik haratago - Arkeoakustikaren ikuspuntutik, bestelako begirada bat historiaurreko gizarteetako mito eta erlijio-sinesmenei konferentzia eskaini zuen irailaren 29an (asteartea), Musikenen.

Jakiundeko kide José Félix Martí Massók aurkeztutako hitzaldian, Margarita Díaz-Andreuk azaldu zuen arkeologiak isilpean behatu duela iragana, gizarte horiek sortu zituzten adierazpen materialei, ukigarriei begira. Baina herri haien bizitza soinuz eta melodiaz beteta zegoen, entzuten zuten guztiaren eta beraiek, naturak eta beste izakiek sortzen zituzten hotsen adierazpen kulturalez beteta. Industriaurreko gizarte askotan ez zegoen guk oraingo gure gizarte industrialean gizakien, animalien, landareen eta naturaren artean egiten dugun bereizketa. Haientzat denak ziren izaki eta, horregatik, haiek guztiek egiten zituzten soinuek guztiz beste esanahi bat zuten. Nola hurbildu mundua ulertzeko modu horretara, gizarte haien aldetik informazio idatzirik ez badugu? Arkeoakustikak galdera horri erantzuteko ahalegina egiten du analisi akustiko sistematikoen bidez, zeinek jada galduta dagoen unibertso erlijioso batera hurbildu nahi gaituzten.

Margarita Díaz-Andreu arkeologoa, ICREAko ikertzailea eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da. Hara joan zen 2012an, hamasei urtez Durhameko Unibertsitatean (Erresuma Batua) irakasle aritu eta gero. Zenbait ikerketa-lerrotan lan egiten du; horietako bat labar-artea da. Horren harira, bada, proiektuak, eta Espainiako, Ingalaterrako eta Frantziako gune jakinei buruzko argitalpenak egin ditu. Gainera, Australiako, Txinako, Egiptoko eta Italiako arte-adierazpenei buruzko doktorego-tesiak zuzendu ditu. Gai horri buruzko berrogeita hamar argitalpen baino gehiago egin ditu. Horietan, berak aurkitu dituen grabatuen eta pinturen gune berrien berri eman du. Bere taldeak, gainera, kultura-ondare horren kudeaketa aztertu du, labar-artea dokumentatzeko metodo berritzaileak aurkeztu ditu eta horiek ulertzeko interpretazio iradokitzaileak proposatu ditu –ez ditu modu isolatuan aintzat hartzen; aitzitik, txertatuta dauden paisaiaren testuinguruan sartzen ditu–.

Azken urteetan, Archeoacustica taldearen barruan (www.archeoacustica.net/), arkeoakustikari buruz egin dituen lanen emaitzak –labar-artearen kokagunearen eta tokiko akustikaren arteko harremana– arloko aldizkari garrantzitsuenetan argitaratu dira, eta hedabideen interesa piztu dute. Horrez guztiaz gain, elkarrizketak egin ditu irratian eta bere proiektuen berri eman du tokiko aldizkarietan. Aintzatespen hori dela-eta, arrakasta handia izan du askotariko proiektuetan; tartean, Palarq Fundazioaren batean eta Europako Batzordearen zenbaitetan, Marie Curie bi doktoratu ondokotan eta Europako Batzordearen proiektu kutunean, hots, ERCren proiektu bat (2018ko irailean hasi zen, bost urtez finantzatuko ditu bere lantaldearen lanak –ERC- Artsoundscapes project–).

Azken argitalpenen artean, Tommaso Mattiolirekin batera egindakoak daude: «Arte rupestre, música y acústica: una Mirada global», The Oxford Handbook of the Archaeology and Anthropology of Rock Art aldizkarian eta «Escuchando a los paisajes de arte rupestre. Una investigación sobre la percepción acústica en la Sierra de San Serván en Extremadura (España)», Time and Mind aldizkarian.  Eta «Paisajes con eco. La ecolocalización y la elección de sitios de arte rupestre en Mediterráneo Central», Journal of Archaeological Science izen handiko aldizkarian.

HOTSAK/SONIDOS programak, aurten, Erlijioen hotsak - Las Religiones Suenan zikloa aurkezten du. Jakiundek antolatu du, Musikeneren lankidetzarekin eta Laboral Kutxak babesarekin.

1 -tik 21 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top