Iciar Astiasaran Elikadura Ikerketa Zentroko zuzendari izendatua

Iciar Astiasaran Elikadura Ikerketa Zentroko zuzendari izendatua

Iciar Astiasaran, Jakiundeko presidenteordea, Nafarroako Unibertsitateko Elikadura Ikerketa Zentroko zuzendari izendatu dute.

Nutrizioan eta Bromatologian katedraduna, Iciar Astiasaranek, besteak beste, elikagaien kalitatean eta segurtasunean, elikagai funtzionaletan eta haragi-deribatuen formulazio berrietan oinarritu du bere irakaskuntza- eta ikerketa-ibilbidea.

Nafarroako Unibertsitatean, Farmazia eta Nutrizio Fakultateko dekanoa (2004-2011) eta ikerketako errektoreordea (2011-2022) izan da, eta hainbat irakasgairen arduraduna Farmazia eta Nutrizioa graduetan eta Elikadura, Nutrizio eta Metabolismoko Europako Masterrean (EMENU). Gainera, 169 argitalpen egin ditu aldizkari espezializatuetan, 16 liburu eta 36 liburu-kapitulu. 111 ekarpen egin ditu kongresuetan eta 26 doktore-tesi zuzendu ditu.

ANECA, UNIQUAL (Euskal Autonomia Erkidegoa) eta AGAE (Andaluzia) kalitate-agentzietako, zenbait aldizkari zientifikotako eta ikerketa-proiektuak ebaluatzeko hainbat erakundetako ebaluatzailea da.

2006an Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen Nutrizio, Dietetika eta Elikagaien Segurtasunaren arloan egindako ibilbide zientifikoagatik, baita José María Busca Isasi Saria ere, Euskal Gastronomi Akademiak emana. 2011n, ibilbide profesional esanguratsua duen farmazialariaren saria jaso zuen Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren eskutik. Gainera, Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko (RANF) kide da eta Jakiundeko kide 2009an Akademia sortu zenetik.

Elikadura Ikerketa Zentroa Nafarroako Unibertsitateko Farmazia eta Nutrizio Fakultateari atxikita dago, eta bere helburu nagusien artean bere ikerketaren emaitzak elikagai- eta farmazia-industrietara transferitzea dago, bere produktibitatea hobetzeko eta produktu berrien garapena bultzatzeko. Gaur egun, CINFA eta Viscofan enpresekin egindako bi programa-kontraturen bidez finantzatzen da. Zentroak 43 laguneko taldea du, ikertzaile eta teknikarien artean, eta 2013-14 ikasturtetik dago martxan.

Pertsonak zaintzeko "Osasuna eta ongizatea" izeneko ildo estrategikoa indartzea da Elikadura Ikerketa Zentroaren helburu nagusia.

 

 

1 -tik 21 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top