Akademiaren Jakitunak

Landa Etxebeste, Mariasun

Idazlea

Mariasun Landa Etxebeste (Errenteria, 1949). Filosofian lizentziaduna, Parisen; eta Filosofian eta Letretan, Valentziako Unibertsitatean; Literatuaren Didaktikako irakasle titularra da Donostiako Irakasle Eskolan (Euskal Herriko Unibertsitatean).

Aldizkari eta egunkari ugaritan idatzi du, baina bereziki euskarazko haur- eta gazte-literaturan zentratu du bere sormena. Hogeita hamar bat libururen egile. Haren obraren zati handi bat gaztelaniara, katalanera eta galizierara itzuli dute; baita ingelesera, frantsesera, alemanera, grekora, arabierara, koreerara, albanierara eta beste batzuetara ere.

Sari ugari jaso ditu: Euskarazko Haur Literaturako Lizardi Saria (1982), Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria (1991), Antonio Maria Labaien Saria (2002), Espainiako Kultura Ministerioaren Literatura Sari Nazionala (2003) eta Dabilen Elea saria (2011) literaturaren arloan egindako ibilbideagatik eta bere lanen izaera berritzaileagatik.

Municheko Haurrentzako eta Gazteentzako Liburuen Nazioarteko Liburutegiak Zozo Zurien (White Raven)zerrendarako aukeratu zuten 2001ean.

Haren Iholdi eta Krokodiloa ohe azpian liburuak IBBYren (International Board on Books for Young people) ohorezko zerrendan daude, eta OEPLIk (Haur eta Gazte Liburuetarako Espainiako Erakundea), berriz, IBBYk ematen duen Andersen Nazioarteko Sarirako hautagai aurkeztu zuen 2008an.

2004an, Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion Donostiako Udalak, eta Errenteriako Hiriko Domina ere jaso zuen, hiri horretako udalaren eskutik, literaturan egin duen ibilbidearen eta lanaren aitorpentzat.

Elkarrizketa Euskonews

Hautetsitako kide osoak

Karguagatiko kide osoak

Ohorezko jakitunak

Kide urgazleak

Kide urgazle gazteak

Kide urgazle gazte ohiak

Aintzinako kideak

top