JarduerakHotsak/Sonidos
HOTSAK / SONIDOS: Erlijioen hotsak Iruñean

HOTSAK / SONIDOS: Erlijioen hotsak Iruñean

JAKIUNDE hotsak dakartza berriz ere Iruñera, aldi honetan Erlijioen hotsak hartuko ditu Nafarroako Museoak, Arteen hotsak (Nafarroako Unibertsitateko Museoa, 2017) eta Zientzien hotsak (Nafarroako Artxibategi Nagusia, 2018) eta gero. Teresa Catalán eta Igor Ijurra jakitunak dira, honetan ere, zikloaren koordinatzaileak, eta Laboral Kutxa babeslea.

Erlijioen hotsak zikloak lau hitzaldi eskainiko ditu, guztiak gaztelaniaz, arratsaldeko 19:00etan, asteazkenez, egitaraua honako hau izango delarik:

Urriak 30: Hotsetatik harantzago - Arkeoakustikaren ikuspuntutik, bestelako begirada bat historiaurreko gizarteetako mito eta erlijio-sinesmenei

Margarita Díaz-Andreu, ICREA-ko ikertzailea. ICREA (Institució Catalana de Recerca i Estudis Avançats) eta Bartzelonako Unibertsitatea. ERC Artsoundscapes project.

Sinopsia: Arkeologiak iraganari, nolabait esatearren, modu isilean begiratu dio: gizarte haiek sortu zituzten adierazpen materialei, ukigarriei, begiratu die. Baina herri haien bizitza soinuz eta melodiaz beteta zegoen, entzuten zuten guztiaren eta beraiek, naturak eta beste izakiek sortzen zituzten hotsen adierazpen kulturalez beteta. Industriaurreko gizarte askotan ez zegoen guk oraingo gure gizarte industrialean gizakien, animalien, landareen eta naturaren artean egiten dugun bereizketa. Haientzat denak ziren izaki eta, horregatik, haiek guztiek egiten zituzten soinuek guztiz beste esanahi bat zuten. Nola hurbildu mundua ulertzeko modu horretara, gizarte haien aldetik informazio idatzirik ez badugu? Arkeoakustikak galdera horri erantzuteko ahalegina egiten du analisi akustiko sistematikoen bidez, zeinek jada galduta dagoen unibertso erlijioso batera hurbildu nahi gaituzten.

Azaroak 13: Musika-errepertorio sefardiaren uneak: erromantzeak, koplak eta kantigak

Susana Weich-Shahak, Etnomusikologoa, Tel Aviv-eko unibertsitatea. Samuel Toledano Saria 2006.

Sinopsia: Errepertorio tradizional sefardia hiru generok osatzen dute: erromantzeek, koplek eta kantigek, eta horien interpretazioa norbanakoak bere komunitatean duen bizimoduari lotuta dago. Errepertorioaren zati bat bizialdirekin lotuta dago, eta giza bizitzako aldi garrantzitsuenak adierazten dira: jaiotza, ezkontza eta heriotza. Beste zati bat urteko festa juduen ospakizunetan interpretatzen da. Testu batzuk Erdi Aroko poesia hispanikokoak dira; kanten melodiak, berriz, estilo askotakoak dira, sefardiak bost mendean bizi izan ziren inguruneetako soinu-paisaietatik jasoak. Egileak egindako galdeketen grabazioak jasotzen dituzten bideoekin ilustratuko da hitzaldia.

Azaroak 20: «Primo le parole e poi la musica». Soinu-akonpainamendua, liturgia kristaua goresteko

Antonio Ezquerro, CSIC-eko ikertzailea (Centro Superior de Investigaciones Científicas), Zientzia Historikoen Saila—Musicología, Milà i Fontanals, Bartzelona. RISM-España-ko presidentea (Répertoire International des Sources Musicales).

Sinopsia: Kristautasuna agertu zenetik, duela bi mila urte baino gehiago, erritu baten musika-akonpainamenduak aldaketa asko izan ditu; erritua bera egonkor mantendu da mendeetan, baina aldi berean aldatuz joan da. Tenplu kristauetan musikak aldaketa asko izan ditu, hasi arianismoaren garaitik, zeinak Iberiar penintsulan Erromatar Inperioa erori zenean hartu zuen indarra, eta protestantismoaren loraldiraino, hau da, Erdi Aroaren amaieraren eta Europako zati handi bat Errenazimendu betean zegoen garaiaren arteraino, eta hark Trentoren ondoren eragindako berehalako kontrarreforma ere kontuan hartuta. Monasterioetatik hasi, eta katedraletaraino, eta deboziozko beste hainbat tokitaraino (ermitak, santutegiak, otoiztegiak...), gaur egun arte. *(Eta kantu xehetik eta antzinako liturgia «nazionaletatik» (kantu anbrosiarra, galikanoa, beneventarra, bisigotikoa edo mozarabiarra, erritu sarumdarra, koptoa...) IX. menderaino, alegia, polifoniaren agerpen eta garapen aldiraino: polifonia Europako elementu bereizgarritzat jo ohi da, eta geroagoko «alla Palestrina» eredu baten eragiletzat, zeina ia Vatikanoko II. Kontziliora arte nabarmen zabaldu zen).

Azaroak 27: Musika, terapeutika eta espiritualtasuna tradizio islamikoan

Manuela Cortes, arabista, ikertzailea eta irakaslea, Granadako Unibertsitatea. Andaluziako Historiaren Akademiako akademialaria.

Sinopsia: Islamaren lehen mendeetatik, musika eta kantua musulmanen bizitzaren eta oroitza profanoen parte izan dira. Jurisprudentzia islamikoaren esparruan, teologoek musika, kantua eta musika-tresnak onartzeari edo debekatzeari buruzko eztabaida planteatu dute. Hori, baina, ez da oztopo izan meskitetan salmodia koranikoak –melodia modalak dituztenak– egoteko. Musika, kantua eta musika-tresnak, gainera, mundu islamikoan hedatuta dauden tradizio sufiko zenbait kofradiak bereizgarri duten espiritualtasunaren parte dira. Musika-jardunak, Jaungoikoari, Mahomari eta kofradietako nagusiei alabantza egiteko kantu poetikoak, musika-tresna, erritmoak eta dantzak. Elementuok, eta beste batzuk, kofradia horietako (tariqa) trantze-erritualean sartuta daude, esanahiz betetako bide gisa, arima garbitzea, espiritua goratzea eta Izaki Gorenarekin bat egitea direla helburu. Unibertso erlijioso eta kosmiko horren ardatz dira zenbait zeremonia sufitan integratutako kofradiakide batzuen sinboloak, koreografiak eta eszenaratzeak. Horiek, batzuetan, gorputza eta arima sendatzeko jardunekin batera doaz.

Konferentzian, hizlariaren irudi, bideo eta bizipen-kontakizunak izango dira, herrialde musulmanetan barrena egindako ikerketaren emaitza direnak.

Artxiboak:
Programa_LRS_2019_02.pdf
top