JarduerakJakin-Mina
JAKIN-MINA 2022-2023 ziurtagiri banaketa ekitaldia Gipuzkoan

JAKIN-MINA 2022-2023 ziurtagiri banaketa ekitaldia Gipuzkoan

Gipuzkoako JAKIN-MINA 2022-2023 ziurtagiriak emateko ekitaldia apirilaren 26an egin zen Gipuzkoako Foru Aldundian, Markel Olano diputatu nagusiak parte hartuta. Diputatu nagusiak DBHko 4. mailako 69 ikasleri (46 neskei eta 23 mutilei) eman zizkien ziurtagiriak zikloak osatzen dituzten bost hitzaldietatik gutxienez lautan parte hartzeagatik.

JAKIN-MINAren XII. edizio honetan bi ziklo egin dira Donostian eta bat Arrasaten. Gipuzkoako honako 21 ikastetxetako 123 ikaslek (87 neskek eta 36 mutilek) eman dute izena guztira: Donostiako Aldapeta, Antigua-Luberri, San Patrizio eta UPA-(Usandizaga-Peñaflorida-Amara), Arrasateko Gaztelupe-Arimazubi Ikastola eta Arrasate BHI, Beasaingo La Salle San José eta Beasain BHI, Hernaniko BHI, Tolosako Herrikide, Bergarako Ipintza, Oiartzungo Elizalde, Ordiziako Jakintza Ikastola, Urretxu-Zumarraga Ikastola, Errenteriako Orereta Ikastola, Andoaingo La Salle Berrozpe, Soraluzeko Almen, Irungo Toki Alai, Zarauzko  Lizardi eta Zumaiako Zumaiena.

Jakiunderen izenean Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitateko errektore ohia eta Jakiundeko ohorezko kideak hitz egin zuen ikasle eta ikasleen aurrean, Jakiundeko idazkari Jakeline Barkerrek aurkeztutako ekitaldian. Markel Olano ahaldun nagusiak itxi zuen ekitaldia. Bere agintaldian ohikoa izan den bezala, ziurtagiriak banatu eta gero, berak gidatutako bisita bat eskaini zien bertaratutakoei, Diputazioaren gune nobleko aretoak erakutsiz eta erakundearen jatorriaren eta historiaren kontakizuna eginez.

JAKIN-MINAk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesa eta UPV/EHUren, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen lankidetza ditu EAEn. Gipuzkoan, San Telmo Museoaren eta Kutxa Fundazioaren lankidetza ditu egitasmoak, bertan eskaintzen baitira ziklo bana, bata STMko auditoriumean eta bestea  Tabakalerako Kutxa Kultur Aretoan.


Araba



Bizkaia



Gipuzkoa



Nafarroa


top