JarduerakJakin-Mina
JAKIN-MINA 2022-2023 BIZKAIA ziurtagiri banaketa

JAKIN-MINA 2022-2023 BIZKAIA ziurtagiri banaketa

JAKIN-MINA 2022-2023 BIZKAIA ziurtagiriak emateko ekitaldia maiatzaren 18an egin zen Deustuko Unibertsitatean, Bilbon.

Programaren XII. edizio honetan, parte hartzaileek ustekabeko opari bat jaso dute, diplomez gain: Arte Ederren Bilboko Museoaren Lagun txartela. Museoa JAKIN-MINA zikloen Bilboko egoitzetako bat izango da hurrengo edizioan, UPV/EHUko Deustuko Unibertsitatearekin eta Bizkaia Aretoarekin batera, eta htzaldietan parte hartu duten gazteen interesa saritu nahi izan du. Lagun txartelaren bitartez gazteengan artearen eta oro har ezagutzarenganako jakin-mina sustatzeko asmoa du museoak. Arte Ederren Bilboko Museoak eta Jakiundek gauzatutako lankidetza-hitzarmen iraunkor baten bidez jaso dute Bizkaiko ikasleek lagun-txartela.

José Mª Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eman zion hasiera Jakeline Barker Jakiundeko idazkariak aurkeztutako ekitaldiari. Errektoreak karguan eman zituen azken hitzaldietako bat izan zen, hain juxtu ere handik egun gutxira hartu baitzuen kargua bertan zen Juan José Etxeberria errektore berriak. Ikasleek Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren eskutik jaso zituzten diploma eta museoko lagun-txartela. Harekin batera izan ziren Leire Jauregibeitia, Arte Ederren Bilboko Museoko kudeatzailea, eta Saioa Elejoste, museoko lagunen ataleko arduraduna. Akademiaren ordezkari gisa Sonia Gaztambide Jakiundeko akademikoa eta hirian egiten diren hiru zikloetako hitzaldi askoren aurkezleak hartu zuen parte.

JAKIN-MINAren 2022-2023ko Bilboko edizioan Bizkaiko 21 ikastetxetatako DBHko 4. mailako 134 ikaslek (103 neskek eta 31 mutilek) eman zuten izena. Horietatik 97 ikaslek (72 neskek eta 25 mutilek) eskuratu dute ziurtagiria, zikloa osatzen duten bost hitzaldietatik gutxienez lautara joateagatik.

Hauek izan dira aurtengo programan parte hartu duten ikastetxeak: Ander Deuna Ikastola (Sopela), Ayalde (Loiu), Beurko (Barakaldo), Deustuko Ikastola (Bilbo), Erandio BHI, Fray Juan de Zumarraga (Durango), Gernika BHI, Ignacio Ellacuria-Zurbaran (Bilbo), Ikasbide ikastetxea (Bilbo), Kirikiño Ikastola (Bilbo), Larramendi Ikastola (Mungia), Lauaxeta Ikastola (Amorebieta), Lauro Ikastola (Loiu), Ntra. Mercedes-Mercedarias andrea (Leioa), Carmen-Indautxu andrea (Bilbo), San Adrian (Bilbo), Seber Altube Ikastola (Gernika) eta Zalla BHI (Zalla).

JAKIN-MINAk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesa du EAEn, eta UPV/EHUren, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen eta Bilboko Arte Ederren Museoaren laguntza du, Bizkaian.


Araba



Bizkaia



Gipuzkoa



Nafarroa


top