Euskadi Ikerkuntza Saria 2017 jaso du Enrique Echeburuak

Euskadi Ikerkuntza Saria 2017 jaso du Enrique Echeburuak

Enrique Echeburúa Odriozola jakitunak Euskadi Ikerkuntza Saria 2017 Gizarte Gaiak eta Humaniteen arloan jaso zuen ekainaren 5ean Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.

Cristina Uriarte sailburuak zuzentzen duen Hezkuntza Sailak ematen duen saria Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoko katedradunak jaso du, psikologia klinikoaren esparruan garrantzia sozial handiko gaien inguruan garatu duen ikerketa aplikatuagatik, hala nola, bikotekidearen kontrako indarkeria, sexu-erasoak, jokoarekiko menpekotasuna eta substantziarik gabeko adikzioak, eta antsietate-nahasmenduak.

Jakiundeko akademikoak bikotekidearen kontrako indarkeria kasuetan laguntza psikologikoa emateko Eusko Jaurlaritza, Emakunde, eta Foru Aldundien artean itundutako hainbat programa abian jartzeko ardura izan du, baita sexu-erasoak jasan eta Justiziaren aurrean agertu behar izaten duten adin txikikoei babesa emateko protokolo bat garatzeko ardura ere. Echeburua irakaslearen lan-taldeak diseinaturiko programak, biktimak eta tratu txar emaileak artatzeko Euskadiko erreferentziazko zentroetan aplikatzen dira. Gainera, Bikote barneko Indarkeria-arriskua Aurreikusteko Eskala ere diseinatu du talde horrek, egun ofizialki Ertzaintzak darabilen instrumentua izanik hori. 

Sari banaketa ekitaldia Lehendakaritzaren egoitzan izan zen, Gasteizen. Gobernuko kideez gain, senitartekoak eta lagunak izan zituen ondoan Echeburúa jaunak, baita Donostiako campuseko Psikologia Fakultateko eta Euskal Kriminologia Institutuko lankideak, eta Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako presidentea. Jakiundeko kideen artean, errektoreak: Nekane Balluerka (UPV/EHU), José Mª Guibert (Deustuko Unibertsitatea) eta Bixente Atxa (Mondragon Unibertsitatea), eta aurreko edizioetan sarituak izandako hainbat jakitun: Maribel Arriortua (2010), José Luis de la Cuesta (2009), Javier Echeverría (1997), José Félix Martí Massó (2014) eta Jesus Ugalde (2003), Jakiundeko lehendakaria.

211 -tik 231 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top