Juan José Goiriena Jakiundeko kidea zendu da

Juan José Goiriena Jakiundeko kidea zendu da

Juan José Goiriena de Gandarias y Gandarias jakituna irailaren 1ean zendu da gaitz luze batek eramana. Goiriena doktorea Jakiundeko kide izan zen Akademia 2007an sortu zenetik.

Fisiologian katedraduna izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean, eta irakasle eta ikertzaile izan zen Oviedoko, Murtziako eta Euskal Herriko Unibertsitateetan.

Bi ikerketa-lerro jorratu zituen nagusiki: esfortzuaren fisiologia kirol-medikuntzan, eta gantz-ehunaren metabolismoa.

Basurtuko Unibertsitate Institutu Medikua zuzendu zuen, Kirol-medikuntzan espezializatua; Europako Zientzia eta Arteen Akademiako eta Medikuntzako Errege Akademiako kide izan zen.

Bere ikerketak inpaktu handiko aldizkari ospetsuetan argitaratu ziren, hala nola, British Journal of Pharmacology; Enzyme; Medicine % Science in Sports & Exercise; Journal of Applied Physiology, etab. Horrez gain, liburu ugaritan hartu zuen parte. Egin zituen azken ikerketa-lanen artean, txirrindularitzaren fisiologiarekin lotuak nabarmentzen dira, zeinak kirol arloko aldizkari garrantzitsuenetan (Sport Sciences) argitaratu baitziren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburuordea izan zen (1984-1987); baita Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea (1991-1996), eta Eusko Ikaskuntzako presidentea ere (1996-2001).

Jaso zituen sarien artean, Doktore-tesiagatik (1973) eman zioten Sari Berezia eta UPV/EHUko Urrezko Domina aipa daitezke.

--

In Memoriam, Pello Salabururen agurra. Iturria: UPV/EHU

211 -tik 231 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top