Enrique Zuazua Doctor Honoris Causa izendatu du Lorraineko Unibertsitateak

Enrique Zuazua Doctor Honoris Causa izendatu du Lorraineko Unibertsitateak

Enrique Zuazuak Lorraineko Unibertsitateko Honoris Causa Doktoretza gradu eta titulua jaso du urriaren 9an, ikerketan egindako ekarpen garrantzitsuengatik eta Élie Cartan Matematika Institutuarekin egindako elkarlanagatik. Enrique Zuazuak Pierre Mutzenhardt Lorraineko Unibertsitateko Presidentearen eskutik jaso zuen saria (argazkian biak).

Lorraineko Unibertsitatea 2012.urtean sortu zen Metz-eko eta Nancy-ko hainbat erakunderen bat-egitearen ondorioz. Matematika arloko tradizio sendoko unibertsitatea da Lorrainekoa eta horren erakusgarri da bertan aritu diren goi-mailako matematikarien zerrenda: Èlie Cartan geometrialaria (1869-1951), Laurent Schwartz analista (1915-2002, Fields Domina jaso zuena 1950ean) eta Jacques Louis Lions (1928-2001) matematikari aplikatua. Horrez gain, unibertsitatea teknologiaren transferentzian ere izen handikoa da matematika esparruan, INRIA (Institut National de Recherche en Informatique et Automatique) erakundearekin lankidetzan.

Enrike Zuazua eibartarra Madrilgo Unibertsitate Autonomako Matematika Aplikatuan Katedradun da, Ikerbasque-eko ikerlaria eta BCAM - Basque Center for Applied Mathematics- eko Zuzendari Zientifiko sortzailea, besteak beste.

Saria Metz Armategiko eraikuntza enblematikoan jaso zuen. Bertan, Marius Tucsnak Profesoreak, Lorraineko Unibertsitateko Matematika Laborategiko zuzendariak, euskal ikerlariak egindako bidea eta ekarpenak goratu zituen. Enrique Zuazuak frantsesez esan zuen bere inbestidura-hitzaldia "Mathématiques et contrôl de systèmes: en route vers l'avenir" izenburupean (“Matematika eta sistemen kontrola: etorkizunerako leihoa”). Hitzaldian kontrol sistemen arloan eta zenbakizko simulazioan erdietsitako ekarpenak aipatu zituen eta bidezko gizarte aberatsagoa garatzeko Matematikak izango duen garrantzia azpimarratu zuen. Ekitaldia "Gora ta Gora" ereserkiarekin amaitu zen.

232 -tik 252 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top