Pedro Miguel Etxenike Finlandiako Aalto Unibertsitateko Honoris Causa doktore

Pedro Miguel Etxenike Finlandiako Aalto Unibertsitateko Honoris Causa doktore

Pedro Miguel Etxenike, Jakiundeko Ohorezko Lehendakaria, Teknologian Honoris Causa doktore izendatu du Finlandiako Aalto Unibertsitateak, zientzia, teknologia, eta gizarte arloetako beste 10 pertsona ospetsuekin batera. Orain dela 80 urte hasi zen sari hauek banatzen Aalto Teknologia Eskola, eta bi urtean behin ematen ditu izen handiko zientzialarien eta teknologoen ibilbide profesionala nabarmentzeko.

Izendapenean Etxenike jaunaren lana azpimarratu dute, bai arlo zientifikoan, baita kultura arloan ere. Batez ere, azken hiru hamarkadetan ikerkuntza zientifiko eta teknologiko arloetan Aalto Unibertsitatearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza bultzatzeagatik.

Etxenike jauna oso pozik dago jasotako sariarekin, batez ere UPV/EHUren lan zientifikoaren aitortza egiten duelako eta abangoardiako oinarrizko ikerkuntzak duen potentzial teknologikoa onartzen duelako.

Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko Errektorearen iritziz, “gure komunitate akademikoko kide batek Honoris Causa doktorego bat jasotzea beti da pozgarri, baina oraingo honetan ezaugarri bereziak ditu. Aalto Unibertsitateak eta UPV/EHUk lankidetza estua dute eta UPV/EHUk bultzatzen duen nazioarteratze prozesuaren adibide bikaina da partaidetza hori. Garrantzitsua da, halaber, izendapena teknologiaren arloaren baitan izatea, eta Pedro Miguel Etxenike bezalako ikertzaile batek jasotzea, gure ikerlarien artean ospetsuenetakoa delako nazioarte mailan, eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin loturik dagoelako bere ibilbide akademiko osoa”.

Aalto Unibertsitatea mundu mailako bost "rising stars", hau da, goranzko izarretako bat da Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak  munduko 200 unibertsitate onenak aztertzeko orain dela gutxi argitaratutako lan baten arabera. Unibertsitate finlandiarra, enpresa-sorkuntza eta kultura ekintzailea bultzatzeagatik nabarmentzen da besteak beste.

Aalto Unibertsitatea 2010ean sortu zen izen horrekin, Helsinkiko Unibertsitate Teknologikoa, Helsinkiko Ekonomia Eskola eta Helsinkiko Arte eta Diseinu Unibertsitatea batu eta gero. Hiruetatik zaharrena, 1849. urtean sortua, Helsinkiko Unibertsitate Teknologikoa da, hain zuzen ere UPV/EHUko katedradunari, eta DIPC eta CIC nanoGUNEko presidenteari Doctor Honoris Causa tituloa eman diona. Aalto Unibertsitateko doktore berrien eta Doctor Honoris Causa sarien banaketa ekitaldia urriaren 7an ospatuko da Helsinkin.

232 -tik 252 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top