Teresa Catalánek Musika Bulegoa 2023 Saria jaso du

Teresa Catalánek Musika Bulegoa 2023 Saria jaso du

Teresa Catalanek Musika Bulegoa 2023 Saria jaso du Elkanori eskainitako "La Victoria Vacía" lanagatik.


Musika Bulegoak nabarmendu du Jakiundeko akademikoaren ibilbidea loriatsua dela. 80 obra sortu ditu bakarlari, ganbera talde nahiz orkestra sinfonikoetarako, baita dozenaka sari jaso ere: Eusko Ikaskuntza Saria, Kulturako Viana Printzea, Arte Ederretako Urrezko Domina, Musikako Sari Nazionala... Irakaslea ere bada, besteak beste, Madrilgo Kontserbatorioko
katedradun emeritu izanik.


"La victoria vacía" lan saritua Euskadiko Orkestra Sinfonikoak konpositore nafarrari egindako enkarguaren emaitza da, Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zioneko 500. urteurrena dela eta. Catalanez gain, beste lau musikagilek ere parte hartu zuten proiektuan, bidaian zehar Elkanok zeharkatutako bost kontinenteak irudikatzen saiatuz. Obra 2020an garatu bazen ere, 2022ko maiatzean estreinatu zen Bilboko Euskalduna Jauregian. Lanak munduko lehen globalizazioak – Elkanoren bidaiak – eta pandemia globalak eragindako biktimak omentzen ditu.


Sariaren epaimahaiak nabarmendu du Teresa Catalanek garrantzia eta adierazgarritasun bereziak dituela, inolako zalantzarik gabe. Konposizio-teknika aurreratu eta garbia du musikagileak, eta sortu berri duen obra honetan maisutasun handiz erakusten ditu orkestrarako idazketarako dituen dohainak, baita autoreak duen soinu-irudimena ere.

Errenteriako Lekuona Fabrikan ospatutako ekitaldian jaso zuen saria, maiatzaren 16an, beste sei artista eta lau musika-talderekin batera.

Albistea Musika Bulegoa.

253 -tik 273 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top