Jose Felix Martí Masso mediku eta UPV/EHUko ikertzaileak jaso du 2014ko Euskadi Ikerkuntza Saria. Zientzia eta Teknologiaren arloan entzutea duten bost ikerlarik osatutako epaimahaiak Marti Masso irakaslearen aldeko ebazpena jakinarazi du, hemeretzigarren edizio honetan aurkeztutako 14 hautagaien artean aukeratzeko goiza Bilbon elkartuta eman ondoren. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak sarituari berari jakinarazi berri dio ebazpena, telefono bidez.
Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arlorako egiten da deialdia; urte bikoitietan aldiz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. 40.000 euroko diru-kopurua du Euskadi Ikerkuntza Sariak.
José Félix Martí Massó (Constantí, Tarragona, 1947) Medikuntzan eta Kirurgian Lizentziatua eta Doktore da Nafarroako Unibertsitatean, Neurologia eta Barne-medikuntzan espezialista. Egun Neurologia Medikuko Irakasle Titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurologia eta Neurofisiologia Klinikoko zerbitzuburua.
Bere ikerketa lana aplikatua eta emaitzetara bideratutakoa da batik bat. Alterazio edo erantzun terapeutiko ezohikoak dituzten paziente bereziz osaturiko taldeen behaketan gauzatzen da Marti Massoren ikerketa, hauen behaketak nerbio sistemaren funtzionamendua hobeto ulertzen edo pazienteak hobeto artatzen laguntzen baitu. Horiei guztiei, prospekzio-azterketetan Marti Masso irakasleak duen parte hartzea gehitu behar zaie, bai azterketa epidemiologikoetan, bai azterketa kliniko-terapeutiko eta genetikoetan.
Bereziki nabarmentzekoa da ikerketa traslazionalean eginiko lana, aplikazio klinikoen oinarrizko ikerketa balioesteko funtsezkoa. Bere ibilbidea aitzindaria eta eredugarria izan da alderdi horretan, ikerketa zientifiko aplikatua egungo gizarte ongizatearentzat erronka bihurtu diren arazoetara arrakastaz bideratzen jakin baitu.
Haren lorpen zientifikorik nagusienen artean azpimarratzekoa da sindrome berri baten aurkikuntza, “ Likido zefalorrakideoko pleozitosisdun pseudomigraña”.
Epaimahaiak zera nabarmendu du: Marti Masso irakasleak neurologia klinikoaren alorrean egin duen ikerketa aitzindaria, eta bereziki gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketan egindako lana, Parkinson gaixotasunaren alderdi genetikoan ekarpen handiak egin dituena. Eremu honetan nabarmentzekoa da, halaber, sistema neuromuskularraren koordinazioan zenbait farmakok dituzten zeharkako efektuei buruzko ikerketa ere.
Era berean, sarituak egin duen formazio-ibilbide luzea ere nabarmendu du, ibilbide horri esker ikerketa kliniko eta traslazionala burutzen duen neurologo eskola inportantea sortu baita.
Iturria: Irekia
2013ko Ikerkuntzarako Euskadi Saria jaso du Gregorio Monreal historialari, legelari eta jakitunak, Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitatean. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako...
Humboldt Ikerketa Sari ospetsua irabazi du Enrique ZUAZUA Basque Center for Applied Mathematics zentruko (BCAM) eta Ikerbasqueko matematikariak. Saria izen bereko Fundazioak eskaintzen die ikerketa lanetan murgildurik bidea egin...
Madrilgo Unibertsitate Konplutenseak (UCM) honoris causa doktore izendatu du Pedro Miguel Etxenike Landiribar, José Carrillo UCMko errektoreak zuzendutako ekitaldian. Inbestidura-ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñaki...
Jean Haritschelhar Duhalde 90 urte zituela zendu zen 2013ko irailaren 1ean. Profesore, idazle, politikari, euskaltzainburu ohia eta jakituna, hainbat alorretan egin zuen lan, baina euskararen aldeko jardunagatik izan zen...
Mari Carmen Gallastegi (Bergara, 1945) ekonomialari eta 1991an Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza sailburua izandakoak jaso du Eusko Ikaskuntza saria EHUn ikerketan egindako lanarengatik. Epaimahaik "euskal...