APIRILA, JAKIUNDE 2022: MARIBEL ARRIORTUA

APIRILA, JAKIUNDE 2022: MARIBEL ARRIORTUA

“Kristalografia eta kristal liluragarriak, aliatu garrantzitsuak atomoen barrena egindako nire bidaia zoragarrian" da Maribel Arriortua Marcaida akademikoak –UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kristalografiako eta Mineralogiako katedradun emerituak– aukeratutako esaldia apirila irudikatzeko Jakiunde 2022 egutegian.

Marina Palaciok egindako argazkirako eta bideorako aukeratutako lekua UPV/EHUko Arboretum Parke Botanikoa izan da, zeina Leioan dagoen, Lertutxeko urtegitik hurbil. Egunsenti txundigarriak ikusteko aukera eskaintzen duen ingurune naturala da, haritz eta haltza ugariz osatutako basoaren usain berdea arnasten da eta, batzuetan, isiltasuna ere entzuten da bertan. Lasaitasun eta sosegurako, eta harmonia eta bakerako lekua da, mentalki ihes egiteko, amesteko eta bidaiatzeko aukera ematen duena.

Burtzeñan (Barakaldo-Bizkaia) jaio zen Maribel Arriortua Marcaida, eta Kimika Zientzietako lizentziatura eta doktoregoa egin zituen EHUn (1976an eta 1981ean, hurrenez hurren). Doktoratu aurreko eta ondorengo egonaldiak egin zituen Belgikan, Frantzian, Bartzelonan eta Madrilen.

Gaur egun Kristalografiako Nazioarteko Batasuneko Espainiako Batzordeko bokal, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren Batzorde Zientifiko Aholkulariko kide (2013- ) eta Ikerbasque Patronatuko (Basque Foundation for Science) kide dugu.

UPV/EHUko SGIker Ikerkerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako zuzendaria izan da (2002-2021), eta horrekin batera, ANEP Ebaluazioaren eta Prospektibaren Agentzia Nazionaleko Zientzia eta Materialen Teknologia Arloko koordinatzailea (2010-2013), Kristalografiako Talde Espezializatuko presidenteordea (1996-2007), Estatuko eta Nazioarteko Batzorde Zientifikoetako kide aholkularia (31st European Crystallographic Meeting, Oviedo-2018) eta “Enrique Moles” Ikerkuntzako Sari Nazionaleko Epaimahaiko kidea Zientziaren eta Kimika Teknologien arloan (2009ko eta 2011ko edizioak).

Beste zenbait sariren artean Kimikako eta Fisikako Errege Elkarteen GE3C Kristalografiako eta Kristal Hazkundeko Talde Espezializatuaren urrezko intsignia (2018) eta bere ibilbide zientifikoari Ikerbasquek egindako errekonozimendua (2019) jaso ditu, eta, horrekin batera, emakumezko euskal politikarien omenaldia Euskal Emakume Hautetsien III. Batzarrean, Gernikako Juntetxean (2019).

Eusko Jaurlaritzaren 2010eko Ikerkuntzako Euskadi Saria irabazi zuen, Zientzia eta Teknologiako modalitatean, eta Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide da (2012).

Kristalografian ikertzen du, zientzia modernoaren adar indartsu eta aparteko horretan.

Kristalek osagai duten materiaren egitura intimoa zein den jakitera zuzenduta dago bere lana, materia hori bizia edo bizigabea dela ere. Materiaren egitura atomikoak edo molekularrak ezagutza eragiten du, eta materiaren beraren propietateak ulertzeaz gain propietate horiek gure mesederako aldatzea ere ahalbidetuko digu ezagutza horrek. Propietate jakin batzuk dituzten materialak diseinatu ditzakegu, txikienekin hasi eta birusekin eta konplexu proteiko handiekin buka.

Sormenaren eta berrikuntzaren nazioarteko eguna ospatzen da hilabete honetan, apirilean. Kristalen mundu harrigarria ezagutzera animatzen ditut gure gazteak, ziur bainago oso atsegin izango dutela.

64 -tik 84 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top