Jakiunde eta Eusko Ikaskuntza arteko lankidetza hitzarmena

Jakiunde eta Eusko Ikaskuntza arteko lankidetza hitzarmena

Jakiundek eta Eusko Ikaskuntzak bi erakundeen arteko sinergiak sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Elkarlan ahalik eta estuena sustatu nahi dute sinatzaileek, eta euren profesionalen eta baliabide materialen erabilera ahalik eta egokiena

Ana Urkiza eta Juan Ignacio Pérez, Eusko Ikaskuntzako eta Jakiundeko lehendakariek, 2021eko uztailaren 15ean sinatu dute akordioa Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegian, Nicanor Ursua, Eusko Ikaskuntzako RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos) aldizkariko editorea bertan zela.

Hitzarmenaren bitartez, urtean bitan plazaratzen den RIEV aldizkariaren argitalpenean hartuko du parte Jakiundek. Eusko Ikaskuntza urteko lehenengo zenbakiaz arduratuko da, eta Jakiunde bigarren aleaz.

Sinadura ekitaldian Ana Urkizak bi erakundeen arteko lotura azpimarratu du, matriziala dela adieraziz. Gaineratu du, Eusko Ikaskuntzaren ehun urte baino gehiagotan lehentasuna izan dutela ezagutzaren sustapenak eta gizartea ardatz izan duten hausnarketek, beti ere euskal kulturaren lurraldeak helburu izanik, eta begirada estrategiko bat baliatuz.

Juan Ignacio Pérezek azaldu du ezagutza oinarrizkoa izango dela etorkizun hurbilean, eta etorkizun horretan hezkuntza formalak garrantzi handia izango duela. Ildo horretan, Jakiundek eta Eusko Ikaskuntzak, eta pareko erakundeek, ezagutza lantzeko eta gizartean zabaltzeko garaian egin dezaketen ekarpena nabarmendu du.

106 -tik 126 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top