UZTAILA, JAKIUNDE 2022: MARÍA TERESA TELLERÍA

UZTAILA, JAKIUNDE 2022: MARÍA TERESA TELLERÍA

"Biodibertsitatea esploratzea, aurkitzea eta deskribatzea izan dut erronka natura izan delarik laborategi" horixe adierazten digu María Teresa Telleríak, Madrilgo Errege Lorategi Botanikoko CSIC-eko ikerketa irakasleak.

Horrez gain, idazlea ere bada Maria Teresa Telleria, "Sin Permiso del Rey" (2021) bere lehen liburua plazaratu baitu. Lana nobela historiko bat da eta bera bezala botanikaria zen Jeanne Baret, munduari bira eman zion lehendabiziko emakumearen historia kontatzen du.

Maria Teresa Telleria Jorge arrasatearra, Ikerketako irakasleemeritua da Errege Lorategi Botanikoan (CSIC), Madrilen. Farmazian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1974), bai eta Farmazian doktoratu ere Unibertsitate berean (1978), Aphyllophorales espainolei buruzko ikerlan batekin –J. Cramer argitaletxe alemaniarrak argitaratu zuen oso-osorik 1980an–.

Biodibertsitatearen analisiaren alorrean garatu du ibilbide profesional zabala. Bere ikerketak eragin zuzena izan dezake eboluzio-biologiaren (espeziazioa), ekologiaren (ekosistemen garapena), biogeografiaren (dibertsifikazio-prozesuak) eta kontserbazioaren biologiaren funtsezko alderdietan.

Espedizio zientifikoetan parte hartu du Europako, Afrikako eta Ameriketako 15 herrialdetan baino gehiagotan. Horietan, bada, prospekzio-kanpainak eta landa-lana egin ditu batzuetan zientifikoki esploratu gabeak diren tokietan. 157 lan zientifiko egin ditu; horietatik 104 peer-reviewed argitalpenak dira, besteak beste, Molecular Ecology, PNAS, FungalGenetic and Biology, FEMS Microbiolical Letters, Mycologia eta PloSONE. Gainera, hainbat ikerketa-proiekturen buru izan da, I+G+b-ko Plan Nazionalak, NSFk (AEB), EBk, BBVA Fundazioak, AECIk (Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentzia) eta Madrilgo Komunitateak finantzatuta. Horietako 18tan, ikerlari nagusia izan da.

Madrilgo Lorategi Botanikoko (CSIC) zuzendaria (1994-2006) eta zuzendariordea (1985-1994) izan da; adituen mahaiko kidea izan da, CSIC ordezkatzen, «Biodibertsitatea kontserbatzeko eta jasangarritasunez erabiltzeko estrategia nazionala» idazteko (1998); Unibertsitate Konplutentseko Fundazio Orokorreko Patronatuko kide izan da, presidenteak proposatuta (1998-2005); 2004ko Bartzelonako Kulturen Foroko Batzorde Zientifiko Aholkulariko kide izan da, Bartzelonako alkateak proposatuta (2002-2003), eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko Batzorde Zientifiko Aholkulariko kidea da (2013–), besteak beste

---

 

Jakiunde 2022 egunkariari dagokion bideoa honako estekan topatu daiteke.  Maria Teresa Telleriak seigarren suntsipen masiboa deritzon erronka latzaren aurrean egon gaitezkeela adierazten digu bertan.

Jakiunde 2022 egutegiaren helburuen artean emakumeek gure gizartearen aurrerapen zientifiko eta teknologikorako funtsezkoak diren jakintzaren arloetan egiten duten lana ikusezin bihurtzen duten gizarte-ohiturak gainditzea da. Neska-mutilek aukera-berdintasunean ikasi eta lan egin ahal izan dezaten edozein diziplinatan, gizonak egon ohi diren arloetan emakumeek zer presentzia duten jakin behar du gure gizarteak, eta hori ikusarazi egin behar du.Emakumeak ari dira zientzietan, teknologian, ingeniaritzan eta matematiketan (STEM deitutakoak), eta beren ekarpena egiten dute eta egiten duten lanarekin disfrutatzen dute.

Egutegi honen helburua da gizarteari errealitate hori erakustea, eta etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea eta, horretarako, aipatutako arloetan Jakiundeko 12 kideren ibilbidearen erakuslehioa da egutegia. 

Artxiboak:
Calendario_Jakiunde_2022_pared_03.pdf
106 -tik 126 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top