MAIATZA, JAKIUNDE 2022: BEGOÑA GARCÍA-ZAPIRAIN

MAIATZA, JAKIUNDE 2022: BEGOÑA GARCÍA-ZAPIRAIN

Begoña García-Zapirain da maiatzeko Jakiunde 2022 Egutegiaren protagonista, eta bere bi pasioak azaltzen dizkigu bertan: familia eta ikerketa. Bien arteko oreka bilatzeko esfortzuaz hitz egiten digu, bai egutegian eta baita egutegiaren maiatzeko bideoan ere.

Telekomunikazioetako ingeniaria (UPV/EHU, 1994) eta Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko doktorea (Deustuko Unibertsitatean, 2004) da Begoña García-Zapirain. Irakasle titularra da Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean, ANECAren Unibertsitateko katedradunaren akreditazioa du (2016) eta 2001az geroztik eVIDA ikerkuntza-taldea zuzentzen du. Zuzentzen duen eVIDA taldeak, «LIFE LIVING LAB (L3Lab)» izenarekin, European Network of Livings Labs (ENoLL) 2012 aintzatespena jaso du. Berrikuntzako espazio sozialen sarean ere aintzatetsi dute 2012an «LS2Tech» izenarekin.

Doktore-titulua jaso zuen «Prozesatze digitaleko eredua ahots esofagikoa lehengoratzeko» tesiarekin, otorrinolaringologiari aplikatutako ingeniaritza biomedikoaren eremuan. Harrezkero, bere ikerkuntza-arlo nagusiak pertsonen osasunari eta bizi-kalitateari aplikatutako IKTak ditu ardatz. Estatuko eta nazioarteko 100 ikerkuntza-proiektutan baino gehiagotan parte hartu du 2002az geroztik, eta horietako 50etan baino gehiagotan ikertzaile nagusia izan da. Proiektu horien ondorioz, 70 artikulu baino gehiago argitaratu ditu oihartzun handiko nazioarteko aldizkarietan, bi liburu eta hamabost kapitulu baino gehiago idatzi ditu, eta 150 komunikazio baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko konferentzietan. Gainera, jabetza intelektualeko 35 erregistro baino gehiago asmatu ditu, beste batzuekin lankidetzan.

2011n, Executive MBA –enpresa-kudeaketako masterra– bat egin zuen UPV/EHUn, eta promozioko ikasle onena izan zen. 2012an, zuzendaritza sanitarioko programa aurreratua egin zuen Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School-en.

Ikertzaile nagusia da –Deustuko Unibertsitatearen partetik– kronikotasuneko bikaintasuneko ikerkuntza-zentroaren Kronikgune ikerketa-taldean. Hau da izena: «Kronik 12/032 e-health/e-care: teknologia berriak osasunean eta gizarte-zerbitzuetan».

Ikerkuntza-ibilbidean, hainbat sari eman dizkiote. Hain zuzen ere, hauek: UD-Grupo Santander ikerkuntza-saria (2007), eVIDA zuzentzen duen ikerkuntza-taldearekin batera; ONCE Euskadi-solidarios ikerkuntza-saria (2007); Ada Byron emakume teknologoarentzako sarirako accesita (2015); Orange Fundazioaren 2016ko Emakumea eta Teknologia Saria, DONATIC 12x12 sarirako accesita (2015); UD-Grupo Santander sarirako accesita (2015); «Social Innovation in Ageing – The European Award 2014» sarirako finalista; eta Benito Menni Berrikuntza Sozialeko Saria (2019).

--

Jakiunde 2022 egutegiaren helburuen artean emakumeek gure gizartearen aurrerapen zientifiko eta teknologikorako funtsezkoak diren jakintzaren arloetan egiten duten lana ikusezin bihurtzen duten gizarte-ohiturak gainditzea da. Neska-mutilek aukera-berdintasunean ikasi eta lan egin ahal izan dezaten edozein diziplinatan, gizonak egon ohi diren arloetan emakumeek zer presentzia duten jakin behar du gure gizarteak, eta hori ikusarazi egin behar du.Emakumeak ari dira zientzietan, teknologian, ingeniaritzan eta matematiketan (STEM deitutakoak), eta beren ekarpena egiten dute eta egiten duten lanarekin disfrutatzen dute.

Egutegi honen helburua da gizarteari errealitate hori erakustea, eta etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea eta, horretarako, aipatutako arloetan Jakiundeko 12 kideren ibilbidearen erakuslehioa da egutegia.

Artxiboak:
Calendario_Jakiunde_2022_pared_04.pdf
106 -tik 126 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top