TERESA CATALÁNEK EUSKO IKASKUNTZA-LABORAL KUTXA 2022 SARIA JASO DU

TERESA CATALÁNEK EUSKO IKASKUNTZA-LABORAL KUTXA 2022 SARIA JASO DU

Teresa Catalánek Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Artea eta Gizarte Zientzien Saria 2022 jaso zuen Iruñeko Nafarroako Museoan irailaren 27an, Ana Urkiza eta Txomin García, hurrenez hurren, EI-SEV eta LK erakundeen presidenteen eskutik. Biek azpimarratu zuten Teresa Catalanen sormen lanaren garrantzia musika garaikidean, irakaskuntzan, eta dibulgazioan.

Musikari nafarrak hitzaldi hunkarria eskaini zuen, hura emozioz beteriko unea zela esan zuen, saria bere txikitako bizilekuan jaso zuelako; Nafarroako Museoa bere etxea izan baitzen gaztaroan, aita bertako atezain izan zelako. Gurasoei eskaini zien saria, haien ontasuna eskertuz. Aipatu zuen gurasoengadik jaso zuela musikarekiko zaletasuna, amak pianoa jotzen zuelako eta aitak musika maite zuelako. Nolanahi ere, ez zen erraza izan beretzat gurasoei adieraztea musikaria izan nahi zuela, garai batean neska batek pianoa jotzea polita izan zitekeen arren, musika lanbide izatea beste kontu bat zelako.

Teresa Catalán Konposizio eta Instrumentazioan katedradun emeritua da Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioan, eta Vianako Printzearen Saria 2021, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina 2021 eta Musika Sari Nazionala Konposizio Sailean 2017 eskuratu ditu, besteak beste.

Ekitaldia Aitzol Iturriagagoitia biolin-jotzailearen ustekabeko parte hartzerekin amaitu zen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren concertino gonbidatu, eta Leipzig hiriko Hochschule für Musik und Theater “Felix Mendelssohn-Bartholdy” ikastegiko eta Musikeneko irakasleak, Teresa Catalanen lan bat eskaini zuen denon gozamenerako.

Ekitaldi berean Sari Gaztea jaso zuen Imanol Zubiauzek, "Pidgin", euskal baleen arrantzaleen eta XVII. mendeko Islandiako herriaren arteko harremanei buruzko proiektuarengatik.

Albistea:

https://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/albisteak/emakume-eta-musikari-gisa-jaio-zen-lekura-itzuli-da-teresa-catalan-konpositorea/al-25747/

127 -tik 147 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top