Lehendakariaren JAKIUNDE Hitzaldia, ekainak 21, UPV/EHU

Lehendakariaren JAKIUNDE Hitzaldia, ekainak 21, UPV/EHU

"Lehendakariaren JAKIUNDE Hitzaldia" eskaini die Iñigo Urkullu lehendakari jaunak ekainaren 21ean Euskal Herriko Unibertsitateako Carlos Santa Maria Zentroan, ikasturte honetan gradu eta masterreko ikasketak amaitu dituzten ikasleei.

"Lehendakariaren JAKIUNDE Hitzaldia" JAKIUNDE, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak sustatutako ekitaldia da, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, unibertsitateetako hiru errektoreak Akademiako karguagatiko kide baitira.

Hitzaldiaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari gorena eta unibertsitate-ikasketak amaitu dituzten gazteen artean elkarrizketa sustatzea da. Hitzaldian ikasleei zuzendu zaie lehendakaria, eta ondoren galdera-erantzunen txanda heldu da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako campusean eskaini da estreinakoz ekitaldia, UPV/EHU izanez lehenengo edizioaren anfitrioia, eta datozen urtetan, aldiro, hiru unibertsitateen artean txandakatuko da "Lehendakariaren JAKIUNDE hitzaldia", 2020an Deustuko Unibertsitatean eskainiko delarik.

Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak zabaldu zuen Lehendakariaren JAKIUNDE Hitzaldiaren lehenengo edizioa. Bere unibertsitate-ikasketak amaitu zitueneko garaia eta bere etorkizun profesionalari eta gizartean bere lekua aurkitzeari buruz une hartan izan zituen duda-mudak ekarri zituen gogora. Beraiek ere egoera bertsua bizi zutela esan zien ikasleei eta elkartasuna adierazi zien, beraien unea iritsiko zela ziurtatuz. Errektorearen ondoren, ikasleen ordezkariak, Maddi Arrue Guerra, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko erizain graduatu berriak hitz egin zuen. Unibertsitate-ikasketetan topatutako gorabehera zehatzak eta sortutako dudak Lehendakariari adierazi eta gero, oholtzara igotzera gonbidatu zuen, UPV/EHUko hiru campusetatik etorritako ehun ikasle baino gehiagoren aurrean hitzaldia eskaini zezan.

Hitzaldian egunaren berezitasuna azpimarratu zuen Lehendakariak, eta aretoan bildutako gazteei, gradu eta master ikasketak amaitu eta gero, bizitzako garai berri bat hastear dauden honetan gizartea hobetzeko eta unibertsitatean eskuratutako ezagutza eta esperientzia gizartearen zerbitzura jartzeko eskatu zien. "Etapa berri honetan ez zatozte gizartean murgiltzera, baizik eta gizartea eraldatzera; ikasitakoa erabiltzera eta garatzera zatozte". Lehendakariak azpimarratu zuen integrazioa, barne-hartzea, kohesioa eta justizia soziala gizarte osoaren konpromezuaren osagarriak direla eta, batik bat, pertsona prestatuenen eta gaituenen konpromisoa: Euskadi, inor atzean utzi gabe, garapena eta aukerak eskaintzen dituen lurraldea dela. "Inor atzean gelditu ez dadin egin behar dugu lan, bai Euskadin jaioak direnen alde, baita kanpotik datozenen alde ere."

Hitzaldia eta gero, Pedro Miguel Etxenike JAKIUNDEko ohorezko presidenteak moderatzaile-lanak egin zituen Lehendakaria eta ikasleen arteko solasaldian.

Jesus M. Ugalde Jakiundeko presidenteaz gain, ekitaldian izan ziren Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea; Jon Altuna MUko errektoreordea; José Luis Rodríguez Ranz, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea; UPV/EHUko Txelo Ruiz, Ikasle eta Enplegarritasunaren arloko errektoreordea, eta Donostiako campuseko errektoreordea Agustin Erkizia, ekitaldiko zeremonia-maisua. Haiekin batera JAKIUNDEko hogei bat kidek jarraitu zuten bertatik bertara Lehendakariaren hitzaldia.

148 -tik 168 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top