Pedro Miguel Etxenikek Nafarroako Urrezko Domina jasoko du

Pedro Miguel Etxenikek Nafarroako Urrezko Domina jasoko du

Jakiundeko Ohorezko Lehendakari Pedro Miguel Etxenike fisikariari Nafarroako Urrezko Domina emango dio Nafarroako Gobernuak. Saria Foru Komunitateak ematen duen sari garrantzitsuena da.

Hala, Nafarroako Gobernuak fisikariaren "balio intelektual, zientifiko eta giza mailakoa" aitortzen du, bai eta fisika-arloan egindako ikerketa nahiz dibulgaziozko lanak ere.

Emakidaren dekretuan azpimarratzen denez, Pedro Miguel Etxenike (Izaba, 1950) "historiako zientifiko nafar saritu eta ezagunenetariko bat da, fisikaren hainbat gai bikain aztertu ditu, eta hori guztia bere lan dibulgatzaile apartarekin eta konpromiso sozial nahiz kulturalarekin uztartu du".

Lizentziatu zenetik, erakunde zientifiko ospetsuenak, mundu guztiko unibertsitate eta ikerketa-zentroak "fisika-arloan egin duen ikerketa- eta dibulgazio-lanen lekuko izan dira, Materia Kondentsatuaren Fisikan egindakoa bereziki, fisika garaikidearen alor zabalenetariko bat dena", zehazten du foru-dekretuak.

Hala, Etxenikek bere ibilbide guztian zehar sari entzutetsu asko jaso diru, esaterako: Vianako printzea (1997), Fisikako Max Planck saria edo Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea (biak 1998an); honoris causa doktorea da gainera, Valladolideko unibertsitatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Madrilgo Complutensen.

Gobernuak, halaber, "dibulgatzaile modura egindako lana" aitortzen dio, "eta hark egindako ahalegin guztia kultura zientifikoaren ezagutzak eta balioak ingurune sozialera proiektatzeko". Horregatik guztiagatik, Gobernuak saria "aitortza- eta eskertza-keinu" gisa ematen dio, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak hala proposatuta.

Urrezko Domina abenduaren 3an jasoko du Jakiundeko kideak, Foru Komunitatearen Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldien esparruan.

Iturria: Nafarroako Gobernua

www.navarra.es/home_eu/Actualidad/Sala+de+prensa/Noticias/2016/11/02/Pedro+Miguel+Etxenike+Medalla+Oro+Navarra.htm

169 -tik 189 -rako elementuak erakusten, guztira:278
top