JarduerakErronkak
Memoria, trauma eta identitate pertsonala

Memoria, trauma eta identitate pertsonala

Oroimena pertsonak bizitzan zehar pilatzen dituen bizipenak finkatzeko, atxikitzeko eta gogora ekartzeko ahalmena da. Informazioaren kodetzea, ordea, ez da ia inoiz grabaketa fotografiko baten tankerakoa. Oroimena ez da iraganaren berreraikuntza bat, iraganaren irudikapena baizik.

Jakiundek STM-San Telmo Museoarekin elkarlanean antolatutako Erronkak jardunaldia, Enrique Echeburúa, Jakiundeko kide eta UPV/EHUko Psikologia klinikoko katedradunak koordinatzen du eta hitzaldi zikloaren helburua, iraganeko bizipen traumatikoek pertsonaren oraingo nortasunean duten eragina –erabakigarria edo ez– azaltzea da.

EGITARAUA

Maiatzaren 3a, asteazkena, 19:00etan: "Resiliencia y crecimiento postraumático: de una infancia infeliz a una vida adulta sana", Jorge Barudy doktorea, Haur Neuropsiquiatra, Exil-IFIV elkartea, Bartzelona.

Maiatzaren 10a, asteazkena, 19:00etan: "¿Se puede volver a escribir el pasado? Más allá de la memoria traumática", Enrique Echeburúa, Jakiundeko kide eta UPV/EHUko Psikologia klinikoko katedraduna.

Maiazaren 17a, asteazkena, 19:00etan: "¿Cómo salir de un trauma sin quedar encadenado al pasado?", José Luis Medina doktorea, Zuzenbide Psikiatrian eta estres postraumatikoa desorekan espezialdua, Madril.

Maiatzaren 19a, ostirala, 19:00etan: "Memoria, olvido, relato y reconocimiento en víctimas adultas de abuso sexual en la infancia", Pilar Polo, Psikologoa, Vicki Bernadet Fundazioa, Bartzelona.

Gertaera traumatikoek memorian zer inpaktu duten eta horrek pertsonen oraingo bizitzan nola eragiten duen aztertuko dute mintzaldietan. Asmoa da gertaera dramatikoek zer-nolako garrantzia duten zehazki aztertzea; trauma horiekiko erantzunean pertsonen artean zer alde dauden adieraztea; iraganeko zoritxarrak gainditzeko erabil daitezkeen baliabide psikologikoak aztertzea, eta traumak gainditzeko bizipen dramatikoak oroitzapen biografiko bihurtzeko bideak proposatzea. Pertsona etorkizuneko bizi-proiektu itxaropentsuan murgildu ahal izatea da helburua, etorkizuna idatzitzat inola ere jo ez dezan.

Pertsonaren emozioek eta sentipenek oroitzapenetan erabateko eragina dute. Gertaera traumatiko baten irudiak, zehazki, modu kaotiko eta desegituratu batez txertatzen dira pertsonaren oroimen emozionalean eta biktimaren kontzientzia inbaditzen dute. Hori horrela, pentsamendu errepikakorrak, amesgaiztoak eta memoriaren alterazioak ager daitezke, kontakizun zatikatu eta desantolatu modura, edota oroitzapen partzialak bizitasun handiz sor daitezke ustekabean eta ezgaraian. Gertaera emozional negatiboen irudiak gogoan gelditzen dira betiko pertsonaren oroimen ikonikoan. Pertsona horiengan hipermnesia dago (oroitzapen mingarrien iraunkortasuna, amesgaiztoak, berresperientzia inbaditzaileak); beste batzuengan, aldiz, amnesia dago (oroitzapen osagabe eta erratikoak, oroimen-hutsuneak, esperientzia traumatikoa guztiz ahaztea, etab.). Hau da, biktimek sarritan ahaztu nahi dutena gogoratzen dute eta gogoratu nahi dutena ahazten.

Laburbilduz, oso lotuta daude memoria eta afektibitatea. Hala, abesti batek iraganeko maitasun baten oroitzapena pizten du, eta bizkotxo baten lurrinak haurtzarora eraman gaitzake, amonak prestatzen zituenak gogorarazten baititu. Nostalgia («itzultzearen nahi mingarria»), nolanahi ere, iragan idealizatuan ainguratu gaitzakeen oroitzapen gazi-gozoa da. Iragana zehaztasunez ikustea galarazten diguten zertzelada oso soil batzuez osatuta dago nostalgia. Oraina desatsegin eta etorkizuna mehatxagarri hautematean agertu da ia beti gehiegizko nostalgia. Pertsona bat iraganari atxikita gelditzen denean, bere oraina ezeztatzen eta etorkizuna hipotekatzen du.

Iraganeko bizipen objektiboak ezin dira aldatu, baina bizipen haien pertzepzioa bai, eta, horrek, ondorioz, oraingo bizitzaren bidea alda dezake. Biktima bere onera etortzeko prozesuak memoria emozionaleko traumaren irudiak espazio eta denboran antolatutako gertaera bihurtzea dakar, hitzezko oroimenaren kontrolpean. Jarrera eta jokabide zenbaitek –barkamen eta ahaztura aktiboak kasu– bizipen traumatikoen prozesatze emozionala errazten dute; beste batzuek –gorroto eta mendekuak adibidez–, aitzitik, zaildu egiten dute. Bizipenak oroitzapen (oroitzapen mingarriak, baina oroitzapenak besterik gabe) bihurtzeko prozesu horretan lagungarria izaten dira denbora igarotzea, eguneroko bizitzari berriro ekitea, proiektu berrietan esku hartzea, familiak laguntzea eta gizarteak biktimei babesa agertzea.

Hortaz, pertsonak ez dira oroitzapenen esku dauden txotxongiloak, eta oroitzapenak emozionalki modulatzen ikasi behar dute. Bizipen dramatiko jasanezinek pertsona tiranizatu dezakete, baina haren biografiaren zati diren oroitzapen mingarri eramangarri ere bihur daitezke, oraingo eta etorkizuneko eguneroko bizimoduan negatiboki eragin gabe. Hau da, kontua da iragan traumatikoa iragan biografiko bihurtzea, biktimak denboraren tunelean harrapatuta geldi ez daitezen eta bizi-proiektu erakargarri bati heldu ahal izan diezaioten.

Artxiboak:
Erronkak_Ciclo_Memoria_Trauma_e_identidad_personal_01.pdf
Erronkak_Egitaraua_Programa_Memoria_trauma_e_identidad_personal_02.pdf
61 -tik 74 -rako elementuak erakusten, guztira:74
<< < 1-60 61-74 > >>
top